Politika -

Iritzi kontrajarriak

EAEko Ahal Duguko 78 kidek Iglesias babestu dute Pascualen auzian

Podemosek idazkari nagusiak alderdiko Antolakuntza idazkaria kargugabetu zuen eta Nagua Alba eta Eduardo Maura EAEko Ahal Duguko zuzendaritzako kideek erabakia kritikatu zuten.

Pablo Iglesiasek Pablo Echenique proposatu du Antolakuntza idazkari izateko. Artxiboko irudia: EFE
Pablo Iglesiasek Pablo Echenique proposatu du Antolakuntza idazkari izateko. Artxiboko irudia: EFE
Pablo Iglesiasek Pablo Echenique proposatu du Antolakuntza idazkari izateko. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Ahal Duguko 78 kargudunek eskutitz bat kaleratu dute, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak Sergio Pascual alderdiko Antolakuntza idazkaria kargutik kentzeko hartu zuen erabakia babestuz. Are gehiago, Euskadiko Ahal Duguren egungo zuzendaritza kritikatu dute Pablo Iglesiasen erabakia zalantzan jartzeagatik.

Dokumentua sinatu dutenen artean zinegotziak, batzarkideak eta senatariak daude, hala nola, Pilar Garrido, EAEko Ahal Duguko idazkari nagusi izateko Kaliangora ildoko hautagai izan zena; Angel Meson, Josetxo Arrieta, Kontxi Palencia eta Miren Gorrotxategi senatariak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarkideak eta Irungo eta Basauriko Ahal Duguren zinegotziak.

Dokumentuak azaldu dutenez, "Pablo Iglesias gure idazkari nagusiak" alderdiko Antolakuntza idazkaria kargutik kentzeko "erantzukizuna" hartu zuen bere gain martxoaren 16an eta "alderdi barruan zein publikoki beharrezko azalpenak eman" zituen.

"Hutsik gelditu den kargurako Pablo Echenique alderdikidea proposatu du" Pablo Iglesiasek eta izendapena Podemosen Hiritar Kontseiluak berretsi zuela azpimarratu dute sinatzaileek.

Horien esanetan, "erreleboa estatutuetan aurreikusita dago eta ez luke bestelako ondoriorik izan behar". "Dena den, 10 egunera, Euskadiko Ahal Duguren hainbat kidek zalantzan jarri zuten kargugabetzea eta, ondorioz, Iglesiasen erabakia", gaineratu dute.

Aurreko astean, Eduardo Maura Euskadiko Ahal Duguko zuzendaritzako kideak Pablo Iglesiasek Sergio Pascual kargugabetzeko erabilitako modua kritikatu zuen. "Formak ez zaizkit gustatu, pertsona bat kargugabetzeko modu hobeak daude eta gai horiek kudeatzeko modu hobeak daudela uste  du", adierazi zuen. Halaber, Mauraren hitzetan, "zentzugabea" da alderdiaren lurralde arazoen erantzukizuna Sergio Pascuali "bakarrik" leporatzea, "arrazoiak oso ezberdinak dira eta beste logika batzuei erantzuten diete".

"Jarrera horien larritasuna aintzat hartuta", Iglesiasi publikoki babesa helarazteko "beharra" sentitu dutela azaldu dute sinatzaileek.

Bestalde, beren adierazpenak "zuzentzeko" eskatu diete eskutitza sinatu duten 78 kargudunek Pablo Iglesiasen erabakia kritikatu duten alderdikideei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainia argazkiak Unidas Podemoseko buru ohia Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken orduko albistea Podemos Euskadiko Podemos-eko albisteak