Politika -

Aberri eguna

EAJk, EH Bilduk eta Podemosek Aberri Eguna ospatuko dute gaur

Ohi bezala, Bilbon egingo dute ekitaldia jeltzaleek, Iruñean EH Bilduk, eta Donostian ospatuko du, lehen aldiz, Aberri Eguna Podemosek.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk eta Podemosek Aberri Eguna ospatuko dute gaur, Bilbon, Iruñean eta Donostian. EAJk "Euskadi berri bat eraikitzen lagunduko duen" estatus berria aldarrikatuko du, "autogobernu berria eta elkarbizitza politikorako sistema berria", hain justu. EH Bilduk independentzian jarriko du helburua eta Podemosek eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko ditu.

Hauteskunde giroko testuinguruan ospatuko dute hirurek Aberri Eguna. Ohi bezala, EAJk Bilbon egingo du ekitaldi politikoa'Bultzada Berri Bat' lelopean. EH Bilduk, ostera,Iruñeko kaleetatik egingo du manifestazioa Independentista Sareak egindako deialdiarekin bat eginda, "Erabakitzeko eskubidea da: independentziari Bai lelopean".

Podemosek aurten ospatuko du estreinakoz Aberri Eguna eta Donostia aukeratu du horretarako, Nestor Basterretxearen "Bakearen Usoa" eskulturaren ondoan. "Gure aberri herritarrak dira: eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea" leloa izango dute.

Bilboko Plaza Berriak hartuko du beste behin ere jeltzaleen ekitaldi nagusia, 11:30etatik aurrera. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak hartuko dute hitza, alderdiko beste 80 ordezkari izango dituen eszenatokian. Exekutibako kideak, Jaurlaritzako sailburuak eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateak, Batzar Nagusietako presidenteak eta Izaskun Bilbao eurodiputatua bertan izango dira.

Aberri Egunari begira kaleratutako idatziak jasotzen duenez, datorren legegintzaldian Euskadirentzat estatus politiko berria nahi du EAJk, Legebiltzarrean adostutakoa, eta "euskal herritarren nortasun nazionala eta etorkizun batean erabakitzeko eskubidea jasoko duena".

Jeltzaleen esanetan, estatus berriak akordio bikoitza izango du oinarri: "Euskadiko alderdi politikoen artekoa eta Estatuarekin konpromisoa, aldebikotasun eta elkarren errespetu printzipioan oinarrituta".

Eguerdiko ekitaldi politikoa amaituta, Areatza izango da jaiaren gunea: herri bazkaria egingo dute 1.100 militantek bertan.

Manifestazioa Iruñean

EH Bilduk bere aldetik, Independentista Sareak Iruñean deitutako ekitaldiarekin bat egin du. 12:00etan abiatuko da manifestazioa Golem zinemetatik eta Sarasate Pasealekuan amaituko da, ekitaldi politikoarekin. Independentistak Sarearen arabera, "erabakitzeko eskubidearen garaia da, dependentziatik independentziara igarotzeko. Erabakitzeko garaian sartu gara, eta Aberri eguna jauzi hori emateko inflexio puntua izatea nahi dugu".

Horregatik, Aberri Eguneko hitza "bai" izango da: "Bai demokraziari, justizia sozialari, euskarari, etorkizunari, Euskal estatu subiranoari eta euskal Errepublikari".

Independentista Sareak deitutako ekitaldiekin bat egitera deitu dute EH Bilduk eta EH Baik. "Erronka eszenatoki politiko sozial berri baterako oinarriak jartzea da, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenak batzeko".

Pello Urizar EH Bilduko parlamentariak deklarazioak egingo ditu 11:30ean. Ezker Abertzaleko historikoek hartuko dute parte ekitaldian. Pernando Barrenaren arabera, "independentzia ez da helburua bakarrik, herri honek ongizate maila handiagoa eta justizia soziala izateko tresna politikorik eraginkorrena da".

Podemos, aurtego berrikuntza

Podemo izango da aurtengo berrikuntza, lehen aldiz egingo duelako bat Aberri Egunarekin. Donostian ospatuko du Aberri Eguna, Nestor Basterretxearen "Bakearen Usoa"ren ondoan. Alderdiak abertzale ez independentistatzat du bere burua eta "EAJri hegemonia abertzalea kentzeko eginkizun politikoa" du, "aberriaren ideia monopolizatu" dutelako.

'Jendea da gure aberria: eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea lelopean ospatuko dute gaurko Aberri Eguna.

PSE-EE eta PP

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez, sozialistak "ez dira abertzaletasunaren jaiotza ospatzeko erritoetan izango", eta jeltzaleei leporatu die euskal herritar guztiek elkarrekin ospatzeko egun bat adostu ez izana.

Nerea Llanos PPko idazkari nagusiak bere aldetik esan du Ortuzarren alderdiaren asmoa "Espainiatik kanpo joatea" dela eta Aberri Egun guztietan nahi hori adierazten duela gaineratu du. Horren ildoan, EH Bilduk "idenpedentzia eskatzean argitasun handiagoz" hitz egiten duela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken ordukoa