Politika -
Igandean Donostian
Podemosek Aberri Eguna ospatuko du, erabakitzeko eskubidea oinarri
Ekitaldiaren leloa hau izango da: "Gure aberria jendea da: eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea".
agentziak | erredakzioa
Podemosek Aberri Eguna ospatuko du igandean, ekitaldi sinbolikoa egingo du Donostiako "Bakearen usoa"ren aldamenean, eta eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea bat eginda aurkeztuko ditu.
Ekitaldiaren leloa "Gure aberria jendea da: eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea" izango da, eta erabakitzeko eskubideaz duen iritzia aurkeztuko dute, alderdiak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.
Aurreko urtean alderdiaren zuzendaritzak erabaki zuen ez ospatzea egun hori, abertzaleen eguna zelakoan, baina oraingo zuzendaritzak uste du Aberri Eguna ospatzeak alderdiaren "izaera anitzari" erantzuten diola, eta "bizikidetza demokratikoa, berdintasuna eta fronteak gainditzea" aldarrikatuko dutela.
Nagua Alba buru duen alderdiak esan du Aberri Eguna "konfrontazio faktorea" izan dela askotan, eta ondorioz Euskal Herriak ez duela "sentsibilitate guztiek" partekatu duten egunik izan, euskal gizartearen "zatiketa sinbolikoa" eraginez.
Ospakizunarekin, Podemosek "euskal politikaren logika tradizionalei desafio" egin nahi dio.
"Aldaketa posible egiteko eta luzarorako izan dadin betebehar politikoa da nazionalismo tradizionalaren hegemoniari aurre egitea eta, ondorioz, errelato propio eta desberdina egitea, eduki sozial handiagorekin", gaineratu du.