Politika -
EGI eguna
'Populismo merkeen' arriskuaz ohartarazi die Ortuzarrek gazteei
EAJren EBBko presidentearen esanetan, ez muturreko liberalek eta ezta muturreko ezkertiarrek ere ez dituzte Euskadiren arazoak konponduko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaztedia "erabiltzen" duten muturreko joerak berragertzen ari direla ohartarazi die Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak euskal gazteei.
"Ez dit axola eskuineko edota ezkerreko estremistak izatea. Berdin zait kopetan ilea izatea edo mahukak jasota ibiltzea. Ez Trump eta ezta Iglesias kamarada ere. Jendearen sentimenduekin jolasten duten populismo merkeak dira, bidegabekeria asko dauden mundu honetako ur nahasietan zerbait arrantzatu nahi dutenak", azpimarratu du.
Jeltzale gazteek EGI eguna ospatu dute gaur Mundakan eta urteroko ekitaldi horretan izan dira, besteak beste, Andoni Ortuzar buruzagi jeltzalea eta Iñigo Urkullu lehendakaria.
EGI egunaren baitan egin duen hitzaldian beren burua "berri, gazte, moderno eta iraultzaile" gisa aurkezten duten, baina muinean "munduaren eta politikaren ikuspegi zaharkitua" duten politikariez ohartarazi die Ortuzarrek gazteei.
"Azken egunotan entzun ahal izan duzue. Batzuen helburu nagusia EAJ erakundeetatik kentzea da. Hori da beren programa bakarra. Ez dago 'kendu zu eta ni jarriko naiz' leloa baino ezer zaharkituagorik eta antidemokratikoagorik", adierazi du Podemosi erreferentzia eginez.
Orokorrean Euskadiren egoera inguruko lurraldeena baino hobea bada ere, konpondu gabeko hainbat arazo daudela onartu du Ortuzarrek. Dena den, ez muturreko liberalek eta ezta muturreko ezkertiarrek ere ez dituztela Euskadiren arazoak konponduko nabarmendu du. Buruzagi jeltzalearen esanetan, "lan egiteko, sortzeko, jarduteko prest dagoen jende positiboa" behar da horretarako.
Ildo horretan, gazteek Euskadi hobeagoa eraikitzeko lan "erakargarria" dutela aurretik gaineratu du.