Politika -

ANDALUZIA

Chavesek berretsi du bere garaian ez zela erabaki ilegalik hartu

Bestalde, Griñanen abokatuak kritikatu egin du PPren Gobernuak "presioa egin" duela Griñanek eta Chavesek "paseoa" egin zezaten.

Manuel Chaves, Sevillako epaitegietara iritsi denean. EFE.
Irainka hartu dituzte Chaves eta Griñan epaitegian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Chaves Andaluziako presidente izandakoa oihu eta irain artean hartu du herritar talde batek, Sevillako epaitegien atarian, Enplegu-Erregulazioen Espedienteen auzian deklaratzera joan denean.

Bizkartzainek lagunduta iritsi da Chaves, eta autotik eraikinera oinez egin dituen hogei bat metroetan herritar talde bat hurbildu zaio, "txorizo" eta "ez dago ogiririk hainbeste txorizorentzat" oihuka.

Agerraldia bukatu ostean hedabideei igorritako ohar baten bidez Chavesek adierazi duenez, Gorenean "hainbat orduz" egindako deklarazioa berretsi egin du. Chavesen esanetan, bertan epaile instruktorearen eta fiskalaren "galdera guztiei" erantzun zuen "transkripzioan, 49 orrikoa, jasota dagoenez".

"Deklarazio horretan nire zeregina argi dago, gertatutakoaren harira. Aurreko apirilaren 14tik hona, ez da aldaketarik egon Auzitegi Gorenean egin nuen deklarazioaren gainean. Ez da ezer aldatu eta nire jarrera ere ez da aldatu, hori dela eta, Instrukzio Epaitegian esandakoa berretsi egin dut bere osotasunean", dio Chavesek oharrean.

Era berean, berretsi egin du "beste behin ere" berak gidatutako Gobernu Kontseiluetan, Andaluziako Juntako presidente izan zen garaian, ez zela "inoiz inolako legez kanpoko erabakirik hartu edo bultzatu".

Chavesen ondoren, Jose Antonio Griñan Juntako presidente ohia ere denak deklaratu du eta, aurrekoak bezala, 2015eko apirilaren 9an Auzitegi Gorenean "inputatu" gisa egindako deklarazioa berretsi du.

Griñanek ere prentsa oharra bidali du eta, bertan azaldu duenaren arabera, Gorenean emandako epaia "lau ordukoa eta 63 orrikoa izan zen eta instruktoreak eta Goreneko bi fiskalek parte hartu zuten". Bertan, nabarmendu duenez, azalpen "argiak eta zehatzak" eman zituen "119 galderei erantzunda".

Agerraldia bukatu denean, Jose Maria Mohedano Griñanen abokatuak kritikatu egin du PPren Gobernuak "presioa egin" duela Griñanek eta Chavesek LETaren auzia ikertzen duen epailearen aurrean deklara eta "paseoa" egin zezaten "ustelkeria kasu berriak orekatzeko asmoz".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Krisia EEE albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak