Politika -
Espainiaren gobernagarritasuna
Litekeena da hauteskunde orokorrak errepikatzea, Urkulluren esanetan
Estatu espainiarreko 'lau alderdi nagusiek' elkarri jarritako 'beto gurutzatuei' egotzi die aukera hori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, litekeena da Espainiako hauteskunde orokorrak errepikatu behar izatea, batik bat, Estatu espainiarreko "lau alderdi nagusiek" elkarri jarritako "beto gurutzatuak" tarteko.
Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ditu hizpide. Haren hitzetan, egungo legegintzaldian zentratuta dago orain, eta Espainiako balizko hauteskundeak errepikatzeak ez dio baldintzatuko. "Ez nago horregatik baldintzatuta, eta gobernu programa betetzeko lanean ari naiz", adierazi du.
Ildo horretan, Urkulluk esan du "litekeena" dela Estatu espainiarrean hauteskunde orokorrak errepikatu behar izatea; izan ere, "elkarrizketak hasi badituzte ere, beto gurutzatuak diruditenak errepikatu daitezke", eta horiek ezinezko egingo lukete inbestidura saioa egitea.
"Hori dirudi, nahiz eta nahiago nukeen horrela ez izatea. Estatu espainiarreko lau alderdi nagusiek egindako proposamen gurutzatuek ez dute gutxieneko egonkortasuna izango duen gobernu bat osatzeko aukerarik iragartzen", gaineratu du.