Politika -
Estatuaren helegitea onartu du
Konstituzionalak bertan behera utzi du polizien biktimen lege nafarra
Legea behin-behinean geratu da bertan behera, Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegitea onartu baitu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du muturreko eskuineko taldeen eta Poliziaren indarkerien biktimak aitortzeko Nafarroako Parlamentuak adostutako legearen aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegitea aztertzea, eta, ondorioz, foru legea bertan behera geratu da, behin-behinean.
Espainiako Gobernuaren ustez, foru legeak urratu egiten ditu babes judizial eragingarria izateko eskubidea eta errugabetasun presuntzioa, besteak beste.
Legea azken legegintzaldiaren amaieran onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, I-Ek sustatuta. PPk eta UPNk aurka bozkatu zuten.
Hain zuzen ere, legearen helburua da 1950etik eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen biktimak aitortzea, eta, horrenbestez, horiei aintzatespen eta kalte-ordain eskubideak ematea.