Politika -

Presoak

Sarek laguntza eskatu du manifestazioaren gastuak ordaintzeko

Iaz Guardia Zibilak dirua kendu izanaren ondorioz, 25.391 euroko defizita duela jakinarazi du.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: EiTB
Bilboko manifestazioa.
Bilboko manifestazioa. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare euskal presoen eskubideen aldeko taldeak laguntza ekonomikoa eskatu dio euskal gizarteari larunbatean Bilbon egindako manifestazioaren gastuak ordaintzeko, 25.391 euroko defizita baitu, 68.784 euro bildu arren, Paul Riosek jakitera eman duenez.

Ainhoa Azkarate Sareren finantza arduradun berriak eta Paul Rios Lokarriren koordinatzaile ohiak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, Sareren egoera ekonomikoaren berri emateko.

Arazoa iaztik dator, Auzitegi Nazionalak manifestazioan bildutako dirua atzemateko agindu zuenetik, horrek "zulo" ekonomikoa eragin baitzuen. Iaz, Bilboko manifestazioa izan eta egun batzuetara, diru-bilketa egin zuten Donostian, baina jasotakoa ez zen nahikoa izan.

Oraingo honetan iaz baino jende gehiago mobilizatu arren, diru gutxiago bildu dute. Horien esanetan, jendeak honelakoak esaten zizkieten: "Aurten kontuz ibili, eta ea ez dizueten kentzen" eta "gutxi emango dut oraingoan, ea berriro kentzen dizueten".

Aurtengo 68.784 euro bildu dituzte, eta Sarek iaztik zuen zuloaren zati bat (59.162 euro zor zituzten) eta aurtengo gastuaren (35.000 euroko kostua izan du) beste zati bat estali ahal izan du, baina ez guztia, eta manifestazioak antolatzen dituzten enpresei dirua zor diete oraindik, 25.391 euroko defizita baitute.

Horregatik, kontuetan zorrik ez izateko, euskal gizartearen laguntza behar dute berriro, eta dirua kontu zenbaki honetan sartzeko eskatu dute: ES47 3035 0012 71 0120113310.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Presoak argazkiak Eguneko albisteak Manifestazioak