Politika -
PPk izendatu zuen
Gustavo de Aristegui Indiako enbaxadoreak dimisioa eman du
Hainbat komunikabidek salatu dutenez, Aristeguik eta Pedro Gomez de la Serna PPko diputatuek komisio handiak kobratu zituzten Espainiako enpresentzat kontratuak lortzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiak Indian duen enbaxadore Gustavo de Aristeguik bere dimisio atzeraezina aurkeztu du, haren aurka izan den "suntsiketa kanpainagatik, eta Espainiako Gobernuari eta presidenteari hauteskunde-kanpainan kalterik ez egitearren".
Hainbat komunikabidek aste honetan salatu dutenez, Aristeguik eta Pedro Gomez de la Serna PPko diputatuek komisio handiak kobratu zituzten Espainiako enpresentzat Afrikan eta Latinoamerikan kontratuak lortzeagatik.
Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroari zuzendutako gutunean Aristeguik bere burua defendatu du, eta argitaratutako informazioak "kanpainaren erabilera zikina" direla gaineratu du.
Komunikabideetan agertutako informazioen ondorioz, Interes Gatazketarako Bulegoak ikerketa abiatu du. Gainera, Eskubideetarako eta Bermeetarako PPko Batzordeak diziplinazko-prozedura ireki die bi politikariei.