Politika -
Bakegintza
Jaurlaritza arriskuak hartzeko prest, ETA behin betiko armagabetzeko
Hala eta guztiz ere, “Jaurkaritzak ez du parte hartuko epeka komunikatzeko edo dosifikatzeko estrategietan”, Jonan Fernandezen esanetan.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritza prest dago ETAren amaiera "desblokeatzeko ekimena hartzeko eta aldebakarreko arriskuak hartzeko", eta "armagabetzea behin betiko izan dadin, nazioarteko esfortzu baten buruzagitza partekatua" hartzeko proposatu du.
Hala eta guztiz ere, Jaurlaritzak ez du parte hartuko "komunikaziora edo epeen doikuntzara bideratutako (armagabetze) operazioetan", Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkariak Bake Planaren egoerari buruz idatzitako txostenaren aurkezpenean azaldu duenez.
Jaurlaritzak uste du "urratsak" egin dituztela "bizikidetza normaltzeko" bidean, baina "indarkeriaren amaiera ordenatuan blokeoak" daudela ohartarazi du; armagabetzean, kartzela politikan eta "iraganaren gogoeta kritikoan", hain zuzen.
"Alderdien arteko lehiaz" ohartarazi dute txostenean, eta Bake eta Bizikidetzarako lantaldearen "blokeoak adostasunak eraikitzeko aukera geratu" duela.
Fernandezek azpimarratu du adostasunak bilatzea dela Jaurlaritzaren "lehenengo aukera", baina akordiorik lortu ezin bada, "ekimena eta arriskuak" hartuko dituela aurreratu du, gizarteak indarkeriaren amaiera ordenatua eta bizikidetza eskatzen dituelako.