Politika -
Bizikidetza
EH Bildu EAEko PPrekin hitz egiteko prest dago oraindik
Genovatik EAEko PPren ekimena galarazi badute ere, Arantza Quirogaren alderdian "gauzak mugitzen hasi" direla txalotu du Hasier Arraizek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramailea EAEko PPrekin hitz egiteko prest agertu da berriro, Arantza Quiroga buruzagi popularrari Genovatik "bizkar" eman badiote ere.
Prentsaurreko batean, legebiltzarkide abertzaleak balioetsi du Quirogak "mugimendu arriskutsua" egitea onartu izana. Izan ere, alderdi guztiak biltzen saiatu da, EH Bildu barne, bizikidetzari buruz hitz egiteko lantalde batean. Azkenean, baina, atzera egin behar izan du, Espainiako PPk galarazi egin baitio.
Hori horrela, Arraizek txalotu du EAEko PPren "jarrera", uko egin baitio "gaitzespen" hitza erabiltzea exijitzeari. Horren ordez, indarkeria "errefusatzea" eskatu du Arantza Quiroga buru duen alderdiak.
Arraizen esanetan, Espainiako PPk erakutsi du ez duela nahi "euskal herritarren arteko bakea", baina Quirogaren saiakerak "ondorioak" izango ditu etorkizunean: "gauzak mugitzen hasten direnean, oso zaila da hasierako argazkia berriz osatzea".