Politika -
Prentsaurrekoa
EH Bilduko alkate guztiak izango dira biktimen gaineko bileran
Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak dio koalizioak "biktimen aldeko edozein dinamika konstruktibotan" hartuko duela parte, barnean hartzea xede duen edozein egitasmotan.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduko alkate guztiak izango dira Iñigo Urkullu lehendakariak irailaren 4rako deitu duen bileran. EAEko 128 alkate daude bertara deituta, terrorismo eta polizia-indarkeriaren biktimentzako omenaldiak prestatzea xede.
Horrela baieztatu du gaur Hasier Arraiz Sortuko presidenteak, Bilbon. Urte politikoaren hasierari begirako emandako prentsaurrekoan, Arraizek aseguratu du, halaber, koalizioak "biktimen aldeko edozein dinamika konstruktibotan" hartuko duela parte.
Urkulluk, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariarekin batera, EAEko 128 alkate deitu ditu, bilera horretarako; hain zuzen, ETA, GAL edo Batallon Vasco Español bezalako talde terroristek edo Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako heriotzak egon diren udalerrietako alkateak.
Hasier Arraizek baieztatu du alkate guztiak joango direla, "salbuespenik gabe, arazoren bat ez badute, behintzat; erabaki politiko moduan, denek hartuko dute parte". Joateko arrazoia, azaldu duenez, ondorengoa da: "Biktimen aitorpen eta ordainaren arloan, konstruktiboa den edozein dinamikatan parte hartzeko borondatea dugu; han egongo gara, beharrezkoa dena egiteko prest".
Espainian aldaketa politikoa lortzeko indarrak batuko ditu
Sortuk, gainera, bere indarrak batuko ditu, hauteskunde orokorren ostean Espainian Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzen duen aldaketa politikoa lortzeko aukerarik egonez gero. Horrela iragarri du gaur Arraizek.
Sortuko agintariak zehaztu du PP eta PSOE ez direla aldaketarako benetako aukerak; izan ere, "biek Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea ezeztatzen dute". Beraz, Podemosi babesa emateko aukera geratuko litzateke, azken alderdi hori gobernu-buru izango balitz; Arraizek, hala ere, esan du EH Bilduk Podemosekin duen erlazioa ez dela onena, Roberto Uriarte Ahal Duguko idazkari nagusiak dituen kokapenengatik.
Uriartek behin eta berriz eskatu dio esker abertzaleari "pausu gehiago" ematea; Arraizek, gaur, Podemoseko oinarriei zor dien errespetua agertu du: "Lagun asko joan zaizkie EH Bilduko hainbat militanteri, esateko ez daudela ados Uriartek esaten duenarekin, eta EH Bildurekin baterako elkarren arteko lanerako prest daudela".
Sorturen analisiaren arabera, urte politiko berriak bi aukera dakartza: alde batetik, "aukerak" daudela benetako aldaketa politikoa lortzeko Espainian, "oso zaila bada ere". "Aukerarik txikiena ere egongo balitz, ezker abertzaleak bere indarrak batuko lituzke, aldaketa hori gauzatzeko", nabarmendu du.
Beste alde batetik, Katalunia dago; bertan ere, "aldaketa politikorik nahi ez duen Estatu horrekiko haustura erdiesteko aukera dago. Nahiko genuke Katalunia ate hori irekitzeko gai izatea; izan ere, irekiko balu zabalik geratuko litzateke, Estatuko gainerako nazioetarako".