Politika -
Nafarroa
Mikel Arregi izango da Euskarabidearen zuzendari berria
Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuan Euskara Sustatzeko Saileko buru izan da orain arte Arregi.
EITB.EUS
Mikel Arregi izango da Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari nagusi berria, Berria egunkariak gaurko alean aurreratu duenez.
Uxue Barkosek zuzentzen duen exekutiboak gobernu-bilera egin du asteazken honetan, eta bertan onartu du Arregiren izendapena, beste hainbatekin batera.
Garesen jaioa, euskararen alorrean urte luzez aritu da lanean Arregi. Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuan Euskara Sustatzeko Saileko buru izan da, eta hizkuntza politikako teknikari ere aritu da.
Euskaltzale sutsua, Oinarriak euskararen aurkako bazterketa salatzeko plataformaren sortzaileetako bat eta Iruñeko San Fermin ikastolako presidentea ere bada garestarra.
22 zuzendaritza eta 8 erakunde
Nafarroako Gobernuak egin duen berregituraketan, Nafarroako Larrialdi Agentzia kentzea eta Barne Saileko Zuzendaritzaren barruan sartzea izan da berritasun nagusia.
Turismo, Merkataritza eta Obra Publikoen Sailak Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko Sailean sartzea erabaki dute, eta Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuan Euskara Sustatzeko Saila, Harreman Instituzionalen Sailaren barruan egongo da. Nafarroako Gaztetasun eta Kirol Institutua, Kultura Sailaren barruan sartuko da.
Hala, Edurne Eguinoa, PSNko kontseilari ohia, izango da Gobernu Foraleko Justizia saileko zuzendaria. Agustin Gastaminza, berriz, Barne saileko zuzendari nagusia.
Ekonomia eta Ogasunari dagokionez, Begoña Urrutia izango da aurrekontuen zuzendari nagusia, eta Luis Esain, berriz, Ogasunekoa.
Osasun sailean, Oscar Moracho izango da Osasunbideko gerentea, eta Luis Gabilondo, berriz, kontseilari nagusia.