Politika -

Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuko kideentzat ordainsari osagarria kendu du Barkosek

Gobernua sustengatzen duten lau alderdiek sinatutako akordio programatikoan jasotako puntuetako bat da.

Barkosek Gobernuko goi kargudunen soldatak murriztu ditu

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foru Gobernuko kideek eta goi kargudunek orain arte jasotzen zuten ordainsari osagarria kobratzeari utziko diote, Nafarroako Gobernuak hala erabakita. 2012ean ezarri zuen lansari osagarri hori Foru Gobernuak eta kritika gogorrak eragin zituen; izan ere, urteko 260.000 euroko kostua zuen.

Hala iragarri du Uxue Barkos Foru Gobernuko presidenteak gobernuaren lehen ohiko saioaren amaieran. Barkosek erabakia justifikatu du esanez gobernua sustengatzen duten lau alderdiek sinatutako akordio programatikoan jasota dagoela. Gaineratu duenez, Nafarroako Kutxako dietak ezabatu ondoren hartu zuen erabakia UPNren gobernuak.

2012tik azken legegintzaldiaren amaierara arte egon da indarrean ordainsari osagarria eta, guztira, 39 goi kargudunek jaso dute eta 898.850,31 euroko kostua izan du gobernuarentzat.

Gaurko erabakiaren ondotik, bertan behera geldituko dira Gobernu presidenteak jasotzen zuen % 25eko lansaria, presidenteordeek kobratzen zuten % 20ko ordainsaria eta kontseilari, zuzendari orokor, gerente edota kontseilarien taldeko kideek irabazten zuten % 15eko gehigarria.

Erabakiak berehala indarrean sar dadin -Nafarroako Parlamentuaren onespenik gabe, alegia- Nafarroako Foru Gobernuak kide guztiek uko egin diote lansari osagarriari.

Gobernuak kontuak ezagutu nahi ditu funtzionarioen soldata igoera erabaki aurretik

Foru erkidegoko kontuak ezagutu nahi ditu Nafarroako gobernuak funtzionario publikoei soldata % 1 igotzeko Espainiako gobernuak hartutako erabakia aplikatzea adostu aurretik. Barkosen gobernuak kontuen egoerari buruzko pertzepzio orokor bat prest izan nahi du abuztuko lehen asterako.

Barkosen esanetan, "ausarkeria" litzake foru gobernuaren egoera ekonomikoa ezagutu gabe soldata igoerak hitz ematea. Dena den, azpimarratu du % 1eko igoerak ez duela konponduko urte hauetan guztietan izandako soldata galera.

Funtzionarioei 2012an ukatu zien Gabonetako ordainsariaren % 25a aurten itzultzeko Espainiako gobernuak erakutsi duen borondateaz galdetuta, Barkosek berretsi du ezin duela inolako baieztapenik egin kontuen egoera zein den jakin gabe.

Osasunaren zorra berregituratzeko legea berrikusiko du Nafarroako gobernuak

Osasunaren zorra berregituratzeko Barcinaren gobernuak onartutako foru legea berrikusteko asmoa iragarri du Uxue Barkos gobernu presidenteak. Aste honetan bertan lege hori auzitan jarri zuen Nafarroako Kontuen Ganberak.

Nafarroako parlamentuan Osasuna legea berrikusi beharko dela eta zenbait kontu bideratu beharko direla baieztatu du Barkosek, besteak beste, Nafarroako Osasuna taldearen hitzartutako bermeek eragindako defizitaren balizko igoera.

Osasunak Ogasunarekin zituen zorrak atzeratzeko Nafarroako gobernuak hartutako erabakiaren legezkotasuna defendatu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Dena den, Osasunaren zorra berregituratzeko foru legea kritikatu du, haren esanetan, Osasunak Administrazioari zor dizkion 20,6 milioi euroak itzultzea bermatzen ez duelako.

Defentsa Ministerioak Bardeako gertakariaz egindako txostena aztertuko du Foru gobernuak

Aurreko astean Bardeako tiro eremutik gertu zauritu zen gizonezkoaren kasua argitzeko Espainiako Defentsa Ministerioak egingo duen txostena aztertuko du Nafarroako gobernuak. Barkosen esanetan, "gertaeraren larritasuna ikusita", suzko armekin egindako maniobrak bertan behera utzi behar dira. Antza denez, dagoeneko erabakia hartuta dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Uxue Barkos argazkiak