Politika -

NAFARROA

Sanferminak eta gero osatuko da Nafarroako Gobernu berria

Ondo bidean, uztailaren 20tik aurrerako astean izendatuko dute Uxue Barkos (Geroa Bai) Nafarroako presidente.

Itun programatikoa lortzeko bilera hasi da Iruñean

00:50

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdietako ordezkariek bilera egin dute goizean, Nafarroako Gobernu berria osatzeko akordioaren inguruan hitz egiteko. Azken egunotan asko aurreratu dutela eta itun programatikoa ixtear dutela esan dute alderdiotako ordezkariek. Dena dela, hasierako asmoa Sanferminetarako gobernua osatzea baldin bazen ere, uste baino gehiago luzatzen ari dira, eta, ondo bidean, festak igarota, uztailaren 20ko astean osatuko dute Nafarroako Gobernu berria.

Hala jakinarazi dute taldeetako bozeramaileek eskaini dituzten prentsaurrekotan. Gaur arratsaldean ere, lan-taldeak bilera egingo du, eta datorren asterako ere jarri dituzte hitzorduak. Hainbat puntutan dituzten desadostasunak datorren astean bertan bideratuko dituztela ez dute zalantzarik.

Behin hori egindakoan, Gobernu berriaren ezaugarriak eta osaketa finkatuko dituzte. Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak esan duenez, "gobernua osatzeko legeak ezarritako epemuga baino askoz lehenago osatuko dugu gobernu berria, ez du zalantzarik". Legearen arabera, abuztuaren 24rako osatuta egon behar du Nafarroako Foru Gobernuak. "Akordio zabala" erdiesteko taldeek egindako "lan emankor eta bikaina" nabarmendu ditu Barkosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak