Politika -
GAL-en inguruko adierazpenak
Vera deklaratzera deitzea eskatu dio Calparsorok Madrilgo Fiskaltzari
Segurtasuneko Estatu idazkari ohiak GAL “erabilgarria” izan zela adierazi zuen iragan martxoan. Pilar Zabala Joxi Zabalaren arrebak salaketa aurkeztu zuen EAEko Fiskaltzaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
Rafael Vera Segurtasuneko Estatu idazkari ohia deklaratzera deitzea eskatu dio Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak Madrilgo Fiskaltzari, GAL “erabilgarria” izan zela adierazi baitzuen Verak martxoan. Verak ustez terrorismoa goratu edo biktimak umiliatu zituela uste du Ministerio Publikoaren ordezkariak.
Pilar Zabala Joxi Zabalaren arrebak salaketa aurkeztu zuen EAEko Fiskaltzaren aurrean, eta Calparsorok ikerbidea hastea erabaki zuen.
Rafael Veraren bizitokiaren berri emateko agindua eman zion fiskalburuak Polizia Nazionalari. Vera Torrelodonesen (Madril) bizi da. Horrela, EAEko fiskalburuak Madrilgo Fiskaltza Nagusiari igorri dio erregua. Segur aski, ikertu gisa agerraldia egin beharko du Segurtasuneko Estatu idazkari ohiak.
Segundo Mareyren bahiketan parte hartzeagatik 10 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Verari. ETAren aurkako “gerra zikina hanka-sartze legala” izan daitekeela onartu zuen Estatu idazkari ohiak martxoan, TVEn eskainitako erreportaje batean, baina “ikuspuntu praktikotik bere papera” izan zuela erantsi zuen.