Politika -
Polizia operazioa
ETAren armak eta lehergaiak atzeman dituzte Biarritzeko etxe batean
Agenteek etxearen jabea, emakume bat, eta horren bikotekidea atxilotu dituzte.
ERREDAKZIOA
Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak armak eta lehergailuak egiteko materiala atzeman dituzte ustez ETAk Biarritzen erabilitako etxe batean.
Segurtasun Indarrek etxearen jabea, frantziar nazionalitatea duen emakumezko bat, atxilotu dute, ETArekin kolaboratzea egotzita. Bikotekidea ere eraman dute atxilo, baina, talde armatuarekin loturarik ez duela uste dute.
Operazioa ETAk "2014an sortutako talde tekniko-logistikoaren aurkakoa" da, Espainiako Barne Ministerioaren esanetan.
Euskal Irratiak Ipar Euskal Herriko euskarazko irratiak biltzen dituen elkarteak jakinarazi duenez, operazioak lotura du ETAren desarmearen bideoarekin, baina ez du zehaztu zein zentzutan eta iturri ofizialek ez dute ezer aipatu horren haritik. Atzemandako emakumezkoa Nathalie Chasseriaud dela gaineratu dute Euskal Irratiek.
Ikerlarien ustez, gaur topatutako biltegia egoera onean dagoen materiala zuen azkenetakoa zen ETArentzat. Nolanahi ere, atzemandako material kopurua antzeko beste operazio batzuetan topatutakoa baino txikiagoa dela azaldu dute.
Miatutako etxean atxilotutako senar-emazteak eta horren seme-alabak bizi dira. Aldez aurretik herriko alkate batena ere izan zen, auzokideek esan dutenez.
Agenteak 06:00etan iritsi dira bertara, eta segurtasun eremu zorrotza ezarri dute inguruan. Oraindik daude bertan.
ETAk 400 pistola ostu zituen 2006an Frantziako hego-ekialdean, SIDAM enpresan. Horietako "250 inguru" talde armatuaren esku daude oraindik, Laurent Hury poliziaburuak asteartean Parisen egindako epaiketa batean zehaztu zuenez.
Fernandez Diaz: "ETAk armak entregatzen ez baldin baditu guk kenduko dizkiogu”
Frantziako operazioa 2012az geroztik egindako “garrantzitsuena” dela uste du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. ETAK armak entregatzen ez baldin baditu “guk kenduko dizkiogu”, ohartarazi du.
“ETA ia guztiz deseginda dago. Presoak eta gutxi gehiago du, eta gero eta gutxiago”, goraipatu du Fernandez Diazek Kongresuko pasilloetan. ETA “onean” desegiten ez baldin bada “derrigorrean” egin beharko du, erantsi duenez.
Operazioak “armagabetzea oztopatzen” duela uste du Sortuk
Polizia-operazioak “behin betiko armagabetze eraginkorra oztopatzen” duela uste du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. “Hori ez da bidea”, errepikatu du Barrenak Donostian. Operazioa “hanka-sartze” bat dela gaineratu du.
Barrenaren hitzetan, “duela gutxi armak eta gordelekuak zigilatzeko prozesua aurrera doala baieztatu du” ETAk eta, ondorioz, “behin betiko desarme bat amaitzeko gobernuei dei egin dien erakundea da”.