Politika -
Administrazio Publikoko Legea
Erkoreka: 'Oposizioak interes elektorala lehenetsi du betoa jartzeko'
PSEk, EH Bilduk eta UPyDk ezarritako "betoak" Euskadi araudi propioa duen Estatuko lehenetariko erkidegoa izatea eragotziko du, Jaurlaritzaren eledunaren arabera.
E. Garaikoetxea | eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Publikoa modernizatzeko Lege Proiektua erretiratzea erabaki du, "oposizioak interes elektorala lehenetsita jarritako betoa" dela eta, Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak Lehendakaritzan eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez.
Albistea goizean eman du eitb.eus-ek, eta gerora etorri dira Jaurlaritzaren bozeramailearen azalpenak.
Erkorekak prentsaurrekoan emandako azalpenen arabera, "Jaurlaritzak badaki PSEk, EH Bilduk eta UPyDk alderdikeriaz jokatu eta hauteskundeei begira jarri dutela betoa. Interes elektorala lehenetsi dute, herritarren interesaren aurretik". Bozeramaileak azpimarratu du Jaurlaritzak, "gutxiengoan dagoela jakinda (27 eserleku ditu Ganberan), ahalegin handia" egin duela taldeek aurkeztutako 300 zuzenketa partzialak sartzeko (alderdi horietako batek aurkeztu dituen zuzenketa guzti-guztiak sartu ditu), baina, halere, osoko zuzenketa aurkeztu dute hiru taldeek.
Hori horrela, alderdi hauek duten "ezezko hutsaren estrategia" deitoratu du bozeramaileak, eta horien "betoak" Euskadi araudi propioa duen Estatuko lehenetariko erkidegoa izatea eragotziko duela azpimarratu.
Jarrera ezberdina Madrilen eta Euskadin
Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak alderdion "borondate politikorik eza" nabarmendu, eta horren beste adibide bat jarri du agerraldian. Horren hitzetan, asteartean gobernu irekiaren inguruko EAJren ekimen bat babestu zuten sozialistek, Amaiurrek eta UPyDk. Ekimen hark Administrazio Publikoa modernizatzeko Lege Proiektuaren puntu batzuk zituen oinarri. "Eduki berberei Madrilen baietz eta Euskadin ezetz esatea, gobernu hau ahultzeko propio hartutako jarrera da", salatu du.
Oztopoak oztopo, aurten bertan beste lege proiektu bat aurkeztuko dutela hitzeman du Erkorekak; "arduratsu jokatuko dugu", gaineratu du. Izan ere, Jaurlaritzaren aburuz, Euskadik "esparru propio eta berezia" behar du. Euskal Administrazio Publikoa modernizatzea "onuragarria eta beharrezkoa da Administrazioarentzat berarentzat zein herritarrentzat", azaldu du Erkorekak.
Bien bitartean, eta "inolako zentzurik ez badu ere, Espainiako Gardentasun Agentziara" jo beharko dute euskal herritarrek, Euskadin dagoen "hutsune normatiboa" dela eta.