Politika -

Elkarrizketa, Radio Vitorian

Administrazio Publikoaren Legea 'adosteko' deia egin du Urkulluk

Jaurlaritzak lege proiektua erretiratu du, baina hauteskundeen ostean beste testu bat aurkeztuko dutela baieztatu du lehendakariak.

Administrazio Publikoaren legea 'adosteko' deia egin du Urkulluk

03:15

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak beste testu bat prestatuko du hauteskundeen ostean Administrazio Publikoaren Lege Proiektua onartu ahal izateko, eta, horretarako, aldez aurretik oposizioko taldeekin "akordioak lortzen" saiatzeko deia egin du.

Gasteizko Gobernuak Administrazio Publikoa modernizatzeko Lege Proiektua erretiratzea erabaki du gaur, oposizioarekin akordioa lortzea "ezinezkoa" dela iritzita.

Horren ildotik, maiatzeko hauteskundeen ostean beste proposamen "hobe" bat aurkeztuko dutela baieztatu du Urkulluk, Radio Vitorian egindako elkarrizketan.

"Lege proiektua erretiratzeak ez du esan nahi amore emango dugunik; berriz saiatuko gara, eta, ahal bada, hobeto eta aldez aurretik akordioak lortzen saiatzen", aurreratu du agintariak.

Horren esanetan, une honetan "hauteskunde testuingurua" da, eta "joko politikoak beste helburu batzuk ditu". "Oposizioko taldeen hainbat zuzenketa partzial onartzeko prest agertu gara, baina, hala ere, osoko zuzenketeei eustea nahiago izan dute", kritikatu du.

Urkulluk nabarmendu du Administrazio Publikoen Legea "beharrezkoa" dela. "Ona izango da herritarrentzat, Administrazioen aurrean izango dituzten eskubideak eta betebeharrak ezarriko baititu", azaldu du.

Ertzaintza eta jihadismoa

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako presidenteari bere ezinegona adierazi dio Urkulluk, Ertzaintzak jihadismoaren inguruan “informazio nahikoa” jasotzen duela esateagatik. Hala ere, Ertzaintzak gai horren inguruan “kezka” baduela eta lanean ari dela nabarmendu du, betiere “trebakuntza eta informazio propioa landuz”. Urkulluk gogoratu duenez, Gobernuak aspaldi salatu zuen Ertzaintzak bizi duen egoera, eta Segurtasun Batzordea biltzeko premia adierazi du.

“Etengabe oztopoak aurkitzen ditugu, baita Ertzaintzak Schengengo Hitzarmenean izan behar duen parte-hartzean ere”, kritikatu du.

Hala ere, eta euskal herritarrek duten babes-mailagatik galdetuta, Urkulluk esan du Segurtasun Sailak udan agertu zuela bere kezka jihadismoaren arazoaren aurrean. Hala ere, Ertzaintzak “informazio propioa” duela eta agenteek “trebakuntza” berezia izan dutela berretsi du.

Greba Osakidetzan

Bestalde, Osakidetzako sindikatuei “neurriz jokatzea” eskatu die lehendakariak. Izan ere, gaur eta bihar langileak grebara deitu dituzte Osakidetzan. Urkulluren hitzetan, behargin horien lan-baldintzak “ez dira okerrenak”, are gutxiago beste administrazio publiko batzuetako langileen lan-baldintzekin alderatuta.

Iaz, Osakidetzan bost greba egun izan zirela azpimarratu du Urkulluk, eta “oihartzun gutxi” lortu zutela erantsi du.

“Hala ere, gu aurrera goaz, proposamenak eginez, baina sindikatuei neurriz jokatzea eskatzen diet”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak