Politika -
Nafarroa
Indarkeria politikoaren biktimen legea onartu du Parlamentuak
Bestalde, Nafarroako Kutxaren desagerpena ikertu duen batzordearen txostena atzera bota du Ganberak. Besteak beste, datorren legealdian beste batzorde bat sortzeko konpromisoa jasotzen zuen txostenak.
Agentziak | Erredakzioa
1950az geroztik Poliziaren eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeria politikoaren biktimen foru legea onartu du gaur Nafarroako Parlamentuak. Bartzelona-Düsseldorf hegaldian hildakoak, Rogelio Ofizialdegi bereziki, gogorarazi ditu Ganberak osoko bilkuraren hasieran.
Data horrek langileen protesten hasiera markatzen du diktaduran, eta legearen lehen aro bat osatzen du demokrazia iritsi bitartean; izan ere, 1978tik aurrera legeak jasotzen dituen indarkeria gertakariak “puntualak” izan dira, bozeramaile batzuek zehaztu dutenez.
Araua Ezkerrak bultzatu du. UPNk eta PPk aurkako botoa eman dute. Arauak omenaldi ekitaldi instituzionala aurreikusten du, terrorismoaren biktimen legeak ezartzen dituen ordain, justizia eta memoria terminoetan. Hezkuntza eremuan ikastaroak, mintegiak edo kongresuak jasotzen ditu legeak.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia eta Nazio Batuen Hitzarmenak jasotzen dituen tortura eta tratu txarrak lotzen ditu araudiak, biktima nafarrek pairatu dituzten urraketak ordaintzeko.
Aitorpen eta Ordain Batzordea
Zuzenbidean, Kriminologian, Soziologian, Psikologian eta Giza Eskubideen arloetan adituak diren bederatzi pertsonek Aitorpen eta Ordain Batzordea osatuko dute. Batzordeko kideak Parlamentuak aukeratuko ditu. Gertakarien ikerketa “zorrotza” egingo du batzordeak.
Espediente bakoitza urtebeteren buruan bukatu beharko dute adituek, ebazpen “lotesle” batekin. Horrela, biktimatzat jotzen baldin badute, kalte “fisiko, psikologiko eta materialengatik” kalte-ordaina eman beharko diote.
Urteko memoria
Bestalde, Batzordeak urteko memoria egin eta Parlamentuari igorriko dio. Gainera, agintaldiaren bukaeran bi txosten egingo ditu. 1951tik 1978ko abendura doan tarteko ekintzen inguruko txosten bat, eta azken data horretatik gaurdaino beste bat.
Batzordea Nafarroako Gobernuak finantzatuko du aurrekontu-sail berezi baten bidez. Batzordeak bulego edo egoitza izango du eta bere lana aurrera eramateko baliabide nahikoak izango ditu.
Nafarroako Kutxaren ikerketa batzordearen txostena atzera bota du Ganberak
Bestalde, Nafarroako Kutxaren desagerpena ikertu duen batzordearen txostena atzera bota du Ganberak gauean. Besteak beste, datorren legealdian beste batzorde bat sortzeko konpromisoa jasotzen zuen txostenak.
Sozialisten botoei esker txostenak aurrera egin zuen batzordean, baina gaur PSNko parlamentariak abstenitu dira, eta ondorioz, atzera bota dute.
Datorren legealdian beste ikerketa batzorde bat osatzeko konpromisoa azaldu dute EH Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik eztabaidan.