Politika -
Estatuko Fiskaltza
EH Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko 'zantzuak' bildu ditu AVTk
Angeles Pedraza AVTko presidentea Consuelo Madrigal Estatuko Fiskalburuarekin batzartu da eta EH Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko 100 bat 'zantzu' aurkeztu dizkio.
AGENTZIAK | Erredakzioa
Angeles Pedraza AVTren presidenteak EH Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko eskatu dio Consuelo Madrigal Estatuko Fiskalburuari. Bilera egin dute biek eta Pedrazak ilegalizazioa gauzatzeko 100 bat "arrazoi" biltzen dituen dokumentua helarazi dio.
Era berean, terrorismoaren biktimek Justizia alorrean galdegiten dituzten aldarrikapenak gogoratu dizkio, AVTk agiri batean jakinarazi duenez.
Aipatu informazioa 2011an hasi zirela biltzen zehaztu dute. “Terroristen lagunak erakundeetara itzuli izanak gure osasun demokratikoa kaltetu du”, azpimarratu dute.
Horrez gain, ETAko 100 bat kide ustez ihes eginda daudela eta, AVTk “kezka” agertu du, oraindik atxilotu ez dituztelako. Ildo berean, estradizio eskaerak indartzeko eskatu diote Fiskalburuari.
Amaitzeko, damua agertu duten ETAko kide ohien kasuak izan dituzte hizpide, “Justiziarekin kolaboratzen ez dutelako”, baita zigorren pilaketa edota argitu gabe atentatuak ere.