Politika -

Euskara

Aktak euskaraz bidaltzen dituzten udalak babestu ditu Legebiltzarrak

EH Bilduk eta EAJk euren gehiengoa baliatu dute aktak euskara hutsean idatzi eta bidaltzen dituzten udalei babesa eskaintzeko.

Eusko Legebiltzarreko saioa. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra EFE
Eusko Legebiltzarreko saioa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Carlos Urquijo Espainiak Euskadin duen ordezkariari euskara “errespetatzeko” eskatu dio. Era berean, aktak euskara hutsean idatzi eta bidaltzen dituzten udalei babesa eskaini die, “euskara ofiziala den herrialde guztietan legezkoak baitira”.

EH Bilduk aurkeztutako mozioaren zuzenketa adostu dute EH Bilduk eta EAJk eta testu hori aurkeztu eta eztabaidatu dute Legebiltzarrean. EH Bilduko Xabier Isasiren aburuz, Urquijo euskararen erabilerarengatik euskal erakundeen aurka, batez ere tokian tokiko erakundeak, egiten ari dena “eraso larria” da.

Bi alderdiek euren gehiengoa baliatu dute ekimena aurrera ateratzeko. EAJko Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez, “euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniaren beharrik gabe”.

PSEk, PPk eta UPyDk atzera bota dute testua. Horretan jasotzen denez, “euskaraz idatzitako testuek legezko balioa dute Euskadiko Administrazio Publikoan”.

Gaiaren inguruan Iñigo Urkulluren gobernua egiten ari den ekimenak ere babestu ditu ganberak. Besteak beste, kaltetutako udalei lege-aholkularitza eman die eta Beizamako Udalaren aurkako helegitean parte hartzeko eskatu du.

Eremu Urriko Europako Hizkuntzen Gutuna “errespetatzeko” eta “betetzeko” ere eskatu dio Legebiltzarra Urquijori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak EAJ-PNV Alderdi Popularra UPyD Eusko Legebiltzarra argazkiak EH Bildu PSE-EE albisteak