Politika -
Bakea Euskal Herrian
Fermin Muguruzak Arnaldo Otegiri bisita egin dio Logroñoko kartzelan
Muguruzak adierazi du 'lagun moduan' egin diola bisita. Azaldu duenez, duela bost urte eskatu zuen baimena, baina gaur arte ez diote laguna bisitatzen utzi.
Erredakzioa
Fermin Muguruza kantariak Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagi ohiari bisita egin dio Logroñoko kartzelan. Otegik bost urte baino gehiago darama preso.
40 minutu inguruko iraupena izan duen bisitaren ondoren, Muguruzak hedabideen galderei erantzun die kartzela atarian. Fermin Muguruzak adierazi du "lagun moduan" egin diola bisita, eta duela bost urte eskatu zuela baimena, baina gaur arte ez diotela lagunari bisita egiten utzi.
"Lagun bati bisita egitera etorri naiz. Bidegabeki kartzelan dagoen pertsona bat dela uste dut", adierazi du. Halaber, berretsi du Arnaldo Otegi hurrengo lehendakaria izan daitekeela.
Muguruzak adierazi duenez, independentista eta ezkerrekoa izaten jarraitzeko eskatu dio Otegik. Bestalde, normalizazio eta bakegintza alorrean, kartzela-politika zigorra dela, eta ez justizia esan dio.
Bestalde, gaurkotasuneko gaiez ere hitz egin omen dute, tartean, Kataluniako prozesuaz eta Ahal Dugu alderdiaz. Amaitzeko, azpimarratu du Arnaldo Otegi ilusioz ikusi duela.