Politika -
Hauteskundeak 2015
Aberastasunaren gaineko Zerga kenduko du EAJk Gipuzkoan
Markel Olano hautagai jeltzalearen ahotan, zergak “ekonomia eta lanpostuak sendotzeko etekinak berriz inbertitu nahi dituztenei kalte egiten die”.
Erredazioa
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagai jeltzaleak iragarri duenez, EAJk maiatzeko hauteskundeetan garaipena lortzen baldin badu, Ondarearen gaineko Zerga Araba eta Bizkaian indarrean dagoenarekin bateratuko du. Horrela, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga ezabatuko dutela esan du Olanok, “ekonomia eta lanpostuak sendotzeko etekinak berriz inbertitu nahi dituztenei kalte egiten dielako”.
Olanok prentsaurrekoa eman du Donostian, Eider Mendoza, Xabier Ezeizabarrena eta Imanol Lasa hautagaitzako kideekin batera. Jeltzaleek sei proposamen konkretu egin behar dituzte eta gaur bigarrena aurkeztu dute, sustapen ekonomikoari dagokiona.
Hautagai jeltzalearen hitzetan, egoera ekonomikoak “larria izaten jarraitzen du”, baina Gipuzkoako Aldundiak “ekonomia ez bultzatzeko erabakia hartu du”.
“Sustapen ekonomikoa lortzeko egitasmo bat martxan jartzea behin eta berriro eskatu dio oposizioak, baina Bilduren Exekutiboak ez du eskaerarik onartu”, errepikatu du Olanok.
Horrela, Bilduren eta EAJren eredu ekonomikoak kontrajarri ditu hautagai jeltzaleak. “Ezker abertzalearen eredu ekonomikoa zein den argi geratu da, enpresaburuengandik eta langileengandik oso urrun dagoena; izan ere, ez du enpresen aldeko apusturik egin”, adierazi du. Jeltzaleen ereduak “lurraldeko enpresen lehiakortasunaren aldeko apustua” egiten duela erantsi du Olanok.