Politika -
'Bidegi auzia'
Gipuzkoak EAJrekin eta PSErekin lotu du AP-1eko ustezko iruzurra
Batzar Nagusietako Mahaiak ikerketa batzordea eratzeko eskariaren izapideak abiatzea adostu du, Bilduren, Aralarren eta PPren aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin, eta EAJren kontrako botoarekin
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak EAJrekin eta PSE-EErekin lotu du AP-1 autopistako ustezko iruzurra, 'Bidegi auzia' deritzona. Ustez 3,4 milioi euro bideratu zituzten azkenean egin ez ziren lan batzuk ordaintzeko, eta Azpeitiko Auzitegiak ikerketa abiatu zuen.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak esan du bi alderdi politiko horietako militante "esanguratsuak" daudela egin ez ziren lan horiek egin zirela ziurtatu zuen enpresaren administrazio kontseiluan.
Ugartek azaldu duenez, zerikusi handia dute ingeniaritza enpresa horrek eta Mario Fernandez Kutxabanken presidente ohiak "azken 30 urteotan egon den Estatu itunaz" esan zuenarekin. Hau da, enpresa edo pertsona jakin batzuei ordaina emateko ezkutuko ustezko itun horrekin.
Lanen ziurtagiria eman zuen "ingeniaritza enpresa nortzuk osatzen zuten ikusiz gero, lotura handia dago Mario Fernandezek esandakoarekin", azpimarratu du bozeramaileak.
Ikerketa batzordea
Batzar Nagusietako Mahaiak ikerketa batzordea eratzeko eskariaren izapideak abiatzea adostu du, Bilduren, Aralarren eta PPren aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin, eta EAJren kontrako botoarekin; "diru publikoa bidegabe erabili ote den, horretarako dokumentuak faltsutu ote zituzten eta ardura politikoak ote dauden argitzea" helburu.