Politika -

Erreakzioak

Kutxabanken auziak ez du zerikusirik PSE-EErekin, esan du Mendiak

Buruzagi sozialistak Mikel Cabiecesen kargu-uztea izan du hizpide, abokatu-langelak izandako kontratua ezagutu eta gero. EH Bilduk, bestalde, ikerketa batzordea abiaraztea eskatuko du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak ziurtatu egin du Kutxabankek Mario Fernandezen kontra jarritako salaketa, ustezko irregulartasunak direla eta, “ez duela zerikusirik” PSE-EErekin.

Mendiak agerraldia egin du hedabideen aurrean, bere alderdia Eusko Jaurlaritzan bilduta egon eta gero, eta aurreko ostiralean ezagututako auzia izan du mintzagai. Mikel Cabiecesek kargua utzi zuen, salaketa ezagutu eta gero.

Mario Fernandez (EAJri lotuta) bankuaren aurreko presidenteak 243.000 euroko kontratua sinatu zuen abokatu-langela batekin, eta Mikel Cabieces langela horren kide da. Fiskaltza kontratu hori ikertzen ari da orain.

Gertaera ezagutu ostean egindako lehen agerraldian, PSE-EEren idazkari nagusiak gogora ekarri du aurreko ostiralean azalpenak eskatu zizkiola Cabiecesi, eta aipatutako langela harremana duela onartu zion.

Gainera, Mendiak azaldu duenez, momentu horretatik ulertu zuen kontratu horrek eta Cabieces BBKren patronatuaren kide izateak alderdiaren kode etikoarekin talka egin zezaketela; hori dela eta, Zuzendaritzako kargua uztea erabaki zuen.

Ikerketa batzordea

EH Bilduk ikerketa batzordea eratzea eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, Kutxabankeko ustezko irregulartasunak argitzeko. Koalizioaren ustean, ikertutakoa EAJren “oniritzia izan” zuen.

Xabier Isasi eta Dani Maeztu EH Bilduren legebiltzarkideak hedabideen aurrean agertu dira, “erantzukizun politikoak argitzeko” aurkeztuko dituzten ekimenen berri emateko.

Ikerketa batzordea eskatzeaz gain, koalizioak Cabiecesek, Fernandezek eta Gregorio Villalabeitiak (Fernandezen ondorengoa) Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatuko du. Gainera, Iñigo Urkulluri gai horren inguruan galdetuko diote, hurrengo kontrol saioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Kutxabank albisteak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak