Politika -
2015eko udal hauteskundeak
EAJk lehentasun gisa jarri du Donostiako alkatetza lortzea
Andoni Ortuzarrek lau urte galdu izana egotzi dio Bilduri, eta gaineratu du EAJ aldaketaren buru izateko garaia iritsi dela.
Erredakzioa
EAJrentzat lehentasuna da 2015eko udal hauteskundeetan Donostiako alkatetza lortzea, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak larunbat honetan azpimarratu duenez. Horren iritziz, Juan Karlo Izagirreren "aginkeria" Eneko Goia alkategai jeltzalearen "entzun eta egin" leloarengatik aldatu nahi dute.
Alderdi jeltzaleak Donostiako EAJren alkategaia aurkezteko gaur egin duen ekitaldian egin ditu adierazpenok buruzagi jeltzaleak. Eneko Goia alkategaiaz gain, EAJren Donostiako zerrendan gaur egun zinegotzi diren hainbat pertsona ageri dira, besteak beste, Miren Azkarate, Juanra Viles, Aitziber San Roman eta Martin Ibabe.
Donostiako alkatetza lortzea "EAJ osoaren" lehentasuna eta apustua dela nabarmendu du Andoni Ortuzarrek.
EAJko buruak adierazi duenez, jeltzaleen helburua "hiri eder hau esnatzea da, Donostiaren hazkundea bultzatzea", izan ere, "gaur egun, geldituta dago eta arazoak ditu: ia 11.000 lagun daude Lanbiden izena emanda, merkatariak atsekabetuta daude eta proiektua geldirik daude. Ortuzarrek Bildu egin du egoera horren erantzule eta lau urte galdu izana egotzi dio.
Ortuzarren esanetan, EAJ aldaketaren buru izateko garaia iritsi da "lau urteko esperimentuaren ondoren". Hala, buruzagi jeltzaleak aukera bat eskatu die donostiarrei hiria aldatzeko.
Aurrez, Eneko Goia alkategaiak hitz egin du eta garrantzia kendu dio Donostiako hauteskundeak irabaziko dituela iragartzen duen inkestari. Are gehiago, lana eskatu du espektatiba horiek maiatzaren 24an errealitate bihurtzeko.