Politika -

Txostena

Jaurlaritzak biktimen inguruko txostena eman dio Donostiako Udalari

Alkateak esan du aurretik pilatu dituztenekin batera, hirian Memoriaren Mapa osatzeko lan egiten jarraituko duela.

Izagirre eta Fernandez. Argazkia: EiTB
Izagirre eta Fernandez.
Indarkeriak Donostian utzitako erretratua erakutsi dute

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitza idazkariak "Euskal auzian bizitzeko eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak 1960-2010" txostena helarazi dio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari, Gipuzkoako hiriburuan gertatu diren hilketen inguruan.

Txostenean "ETAk edo antzekoek hildako 107 pertsonen; Estatuko Segurtasun Indarrek hildako 11ren, GALek hildako lauren, Batallon Vasco Españolek eta antzekoek hildako lauren; argitzeke dauden hiltzaileek hildako lauren eta oraindik ikertzeke dauden hildako beste 5 pertsonaren" izenak agertzen dira.

Izagirrek txostena jaso ostean adierazi duenez, "positiboa" da Jaurlaritzak emandako txostena Donostian Memoriaren Mapa osatzeko lanean jarraitzeko.

"Lan hauek guztiak, gure ustez, bi ezaugarri argi izan behar dituzte: irekiak eta barneratzaileak izan behar dira, sekula ez itxiak, eta ekarpen berriak jasotzeko prest egon behar dira", azaldu du alkateak.

Fernandezek gogorarazi du Bilboko txostena ere helarazi ziola Bizkaiko hiriburuko Udalari, eta datorren astean Gasteizen txanda izango dela. EAEko hiriburuen ostean, beste 146 txosten aterako dituzte, beste hainbeste udalerrirentzat, maiatzeko hauteskundeetan alkate ateratzen direnei emango zaizkienak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak ETA