Politika -

Batzorde iraunkorra

Arrospide aske utzi zuten epaileei babesa ukatu die BJKNk

Hala ere, Exekutiboak magistratuei egindako kritika “justifikaziorik gabeko gehiegikeria” izan zela uste du BJKNk. Baina kritikak presoa aske utzi eta gero egin zituztela zehaztu du.

Santiago Arrospide, 'Santi Potros', atxilotuta. Artxiboko irudia: EiTB
Santiago Arrospide, 'Santi Potros', atxilotuta. Artxiboko irudia: EiTB
Santiago Arrospide, 'Santi Potros', atxilotuta. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko magistratuei babesa ematea ukatu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN). Santiago Arrospide, Santi Potros, ETAko kidea aske uzteko erabakia hartu eta gero Gobernuaren esku-sartzeak salatu zituzten magistratuek. Presoa Europako araudia aplikatuz aske utzi zuten.

Magistratuen gobernu organoaren Batzorde Iraunkorra goizean bildu da, epaileen babes-eskakizuna gai-zerrendan zegoela. Babesa emateari uko egin dio organoak, baina Exekutiboaren adierazpenak kritikatu dituzte bokalek akordioan. Mariano Rajoyren Gobernuko kideek Potros aske uztea publikoki deitoratu zuten.

Konkretuki, Exekutiboak magistratuei egindako kritika “justifikaziorik gabeko gehiegikeria” izan zela uste du BJKNk, baina kritikak presoa aske utzi eta gero egin zituztela zehaztu du. Ondorioz, magistratuen erabakian eraginik izan ez zutela azaldu du erakundeak.

Babesa ematearen aurkako hiru boto izan dira bileran (Carlos Lesmes presidentea eta Juan Manuel Fernandez eta Gerardo Martinez Tristan magistratuak). Bi epailek, ostera, aldeko botoa eman dute (Alvaro Cuesta eta Mar Cabrejas bokal progresistak).

EBko akordio markoaren aplikazioa

Manuela Fernandez Prado, Javier Martinez Lazaro eta Ramon Saez epaileek osatutako Auzitegi Nazionaleko Gai Penaletarako Aretoak Santi Potros eta Alberto Plazaola ETAko kideak aske uztea erabaki zuen Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia eta Europar Batasuneko akordio markoa aplikatuz.

Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak, Rafael Catala Justizia ministroak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak erabakia kritikatu zuten eta euren independentziaren kontrako erasoak zirela ulertu zuten magistratuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Eguneko albisteak Albisteak BJKN gaur