Politika -
UPN-PSN bilera
Bozen ostean Nafarroan UPNk edo Bilduk aginduko duela uste du Barcinak
UPNk eta PSNk bilera egin dute gaur, Maria Chivite sozialisten idazkari nagusi berriak abiatutako bilera-sortaren baitan, eta agerian geratu dira bien desadostasunak.
Erredakzioa
Maria Chivite PSNren idazkari nagusiak Nafarroak "aldaketa" behar duela helarazi dio Yolanda Barcina UPNren eta Nafarroako Gobernuaren presidenteari, eta buruzagi unionistak erantzun dio "Nafarroako herritarrak" izango direla "maiatzaren 24an alderdi bakoitzak non egon behar duen erabakiko dutenak".
Barcina eta Chiviterekin batera Oscar Arizcuren UPNren idazkari nagusia eta Santos Cerdan PSNren Antolakuntza idazkaria izan dira Nafarroako Parlamentuan egin duten 45 minutuko bileran, sozialisten idazkari nagusi berriak alderdi politiko guztiekin abiatu duen bilera-sortaren baitan.
Bileraren ostean, Chivitek kritikatu du Jose Javier Esparza UPNren presidentegaia bertaratu ez izana, "UPNren etorkizuna irudikatzen" duelako. Nafarroako presidenteak erantzun dio bera gonbidatu zuela PSNk, eta aurrerago Chivitek eta Esparzak bilera egingo dutela espero du. "Idazkari nagusi gisa joateko bilera bat zen, ez nekien hauteskunde aurreko batzarra zenik", gaineratu du.
PSNren buruzagiak legegintzaldi hau "galdu" egin dela eta "hauteskunde aurrerapena" beharrezkoa zela adierazi die erregionalistei. "Ez dugu bat egiten presidenteak Nafarroako gizarteaz egiten duen analisi positiboarekin", azaldu du. "Gure ustez, Nafarroak aldaketa behar du, eta horren alde ari gara lanean", adierazi du Chivitek, Foru Erkidegoak "Gobernu egonkorra" behar duela azpimarratu aurretik.
Nafarroako eredu instituzionalaren kasuan iritziek bat egiten dutela aitortu arren, Chivitek esan du "arreta" ematen diela "Nafarroaren foru izaera defendatzen dutela esatea eta gero Konstituzionalean PPrekin batera helegiteak sinatzea". "Hitzetan geratzen dira, baina ekintzek agerian uzten dute ez dutela betetzen", gaineratu du.
Yolanda Barcinak, bere aldetik, UPNk "adostutakoari leial" jokatzen duela esan du. "Nafarrak dira Erkidego honetan nork agindu behar duen erabakiko dutenak, eta gauzak dauden moduan, ez dago zalantzarik hurrengo Nafarroako Gobernuan UPNk edo Bilduk aginduko duela, Podemos hor egongo den arren", azaldu du buruzagi unionistak.
PSNrekin itunak egiteaz galdetuta, Barcinak erantzun du "ona" dela hitz egitea eta "interes orokorraren alde bada, egon litekeela" adierazi du. Horren harira, zerga erreforman izandako adostasuna ekarri du gogora.
PPrekin batera UPNk Konstituzionalean helegiteak jartzen dituela eta, presidenteak erantzun du helegiteak kentzeko ahaleginean diharduela bai Volkswagenen bai energia berriztagarrien kasuan.