Politika -
Mate operazioa
Guardia Zibilak informazioa eskatu dio Gipuzkoako Ogasunari
Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramailearen ahotan, atxilotuek ustez egindako iruzurren inguruko informazioa astelehenean argitaratu eta gero, “orain ustezko frogen bila etortzea deigarria da”.
Erredakzioa
Guardia Zibila Gipuzkoako Ogasunean bertaratu da astearte eguerdian, asteleheneko operazioarekin lotutako “informazio fiskala” eskatzeko. Asteleheneko operazioan 16 pertsona atxilotu zituzten, gehienak presoen abokatuak. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak eman du informazioa eskatzeko agindua.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen hitzetan, atxilotuek ustez egindako iruzurren inguruko informazioa astelehenean argitaratu eta gero, “orain akusazioei eusteko ustezko frogen bila etortzea deigarria da”.
“Ez dira inoiz Aldundiarekin eta Ogasunarekin harremanetan jarri iruzurraren inguruko gaiak eztabaidatzeko”, adierazi du Ugartek Donostian egindako agerraldian.
Astelehenean Gipuzkoan atxilotutako pertsonekin zerikusia duen informazioa eskatu du Velascok, Aldundiko bozeramaileak baieztatu duenez, baina datu gehiagorik ez du eman “zuhurtziagatik eta diskrezioagatik”.
“Deliturik ez”
Hala ere, “zentzu horretan, atxilotuek ez dute deliturik egin”, azpimarratu du bozeramaileak.
Horrela, asteleheneko operazioa “oso larria” izan zela uste du Larraitz Ugartek. Operazioa “Euskal Herrian hasitako bake, demokrazia eta askatasun bide berriari egindako eraso oso larria” dela salatu du Gipuzkoako Foru Gobernuak adierazpen instituzional baten bidez.