Politika -
Inkesta Bizkaian
EAJk hauteskundeak irabazi eta Ahal Duguk 5 batzarkide lortuko lituzke
Gisaker enpresak abenduan egin zuen inkestaren arabera, Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzeko maiatzean egingo diren hauteskundeak orain egingo balira, EAJk irabaziko lituzke, 21-22 batzarkide lortuta.
Erredakzioa
Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzeko maiatzean egin beharreko hauteskundeak orain egingo balira, EAJk irabaziko lituzke, 21-22 batzarkide lortuta (gaur egun 22 ditu), Aldundiak gaur jakitera eman duen inkesta baten arabera.
Inkestaren arabera, EH Bildu bigarren indarra izango litzateke 11-12 batzarkide eskuratuta (12 ditu orain); PSEk 7-8 lortuko lituzke (9), Ahal Duguk 5, eta PPk 4-5 (8 ditu). Gainerako alderdi politikoak kanpoan geratuko lirateke.
Bizkaiko lau barrutietan garaipena lortuko luke EAJk. Inork ez luke gehiengo absoluturik (26 batzarkide) lortuko, eta, ondorioz, alderdiek itunak bilatu beharko lituzkete.
Inkesta Gisaker enpresak egin zuen abenduan, telefonoz, Bizkaiko 1.600 bizilaguni galdetuta: 475 galdeketa egin zituzten Bilbon, eta 375, gainerako hiru barrutietan.
EAJk botoen % 37,8 eskuratuko lituzke. Bigarren indarra EH Bildu izango litzateke, botoen % 20,3rekin; PSE-EEk hirugarren lekuari eutsiko lioke, % 14,4 batekin, eta Ahal Dugu laugarren tokian sartuko litzateke, botoen % 11,8 eskuratuta. Bosgarren lekuan PP geratuko litzateke, botoen % 9,8 bereganatuta.