Politika -
Profila
Alfonso Alonso, Espainiako Gobernutik EAEko PPko Presidentetzara
Osasun ministro kagua hurrengo hilabeteetan utzi beharko du Alonsok, eta Quirogarekin tirabira polemikoa izan eta gero hartuko du horren lekua.
EITB.EUS
Filologia Erromanikoan eta Zuzenbidean lizentziaduna, politikagintza izan du ogibide azken 18 urteotan Alfonso Alonso Araneguik (Gasteiz, 1967). Orain 47 urte jaio zen, Gasteizen. Osasun ministro berria Manuel Aranegui y Collen iloba da, 1957tik 1966ra bitartean Arabako ahaldun nagusi izan zenaren iloba, hain zuzen ere.
Abokatu aritu zen zenbait urtez, baina 1996. urtean bere bizitza profesionalak 180 graduko bira eman zuen: urte horretan Gasteizko Udaleko zinegotzi aukeratu zuten, baita PPko bozeramaile izendatu ere.
Jose Angel Cuerda jeltzalearen azken legealdian oposizioan izan ondoren, alkatetza lortu zuen 1999ko hauteskundeetan. Zortzi urtez, Gasteizko agintari nagusia izan zen Alfonso Alonso.
Bien bitartean, Jose Maria Aznarrek Espainiako hauteskundeak irabazi eta, 2000. urtean, Alfonso Alonsori eserleku bat eskaini zion Diputatuen Kongresuan. Bi urtez Madril eta Gasteiz artean bizi izan ondoren, indarrak alkatetzan jartzea erabaki zuen Alfonso Alonsok, Kongresuari uko eginez.
2007an, PSE-EEk Gasteizko alkatetza lortu ondoren, Alonsok urtebete oposizioan eman zuen, Soraya Saenz de Santamaria orduan PPko Kongresuko ordezkaria zenak hots egin zion arte. Ordutik, PPko zuzendaritzan izan da Alonso, baitako Arabako popularren presidentetzan ere.
Saenz de Santamaria presidenteorde izendatu zuen Mariano Rajoyk 2011. urtean eta Alonsok haren tokia hartu zuen bozeramaile lanetan.
Quirogaren ordezkoa
Arantza Quirogarekin tirabira polemikoa izan eta gero bihurtu da orain Alonso EAEko PPko presidente.
Hain zuzen ere, agintari ohiak bizikidetzari buruzko beste lantalde bat eratzea proposatu zuen, alderdi guztiak barneratzeko, EH Bildu barne, koalizio abertzaleak indarkeriaren aurka egindako hainbat adierazpen “garrantzitsu”tzat jo baitzituen.
Proposamenak, baina, hautsak harrotu zituen Arabako PPn eta Espainiako PPren zuzendaritzan. Alonso bera izan zen publikoki Quirogaren plana kritikatu zuen lehena.
Horren ostean, Quirogak astebete eman zuen “desagertuta”, eta atzo dimisioa eman zuen. Alonsok, horren proposamenaren aurka agertu zen buruzagi nagusia, hartuko du kargua.