Politika -
Kutxak, Fundazio
‘BBK-k Kutxabank gidatzen jarraituko du’, Rementeriak ziurtatu duenez
Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaiak esan du Diputazioak eta EAJk bermatuko dutela BBK-k Kutxabank kontrolatzen jarraitzea, kapital pribatuak esku hartzen baldin badu.
Erredakzioa
Unai Rementeria Bizkaiko Diputazioko bozeramale, Presidentetza ahalduna eta ahaldun nagusi izateko hautagaiak azpimarratu duenez, Diputazioak zein EAJk ziurtatuko dute “BBK-k Kutxabanken jabe izaten jarraitzea”.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Rementeriak, gainera, adierazi du finantza entitateak “euskal familien eta enpresen zerbitzura” egon, eta “herrialde honetako ekonomiarentzat elementu estrategikoa” izan behar duela.
Mario Fernandez Kutxabanken presidenteordearen dimisioa dela eta galdetuta, Rementeriak Fernandezek berak egindako adierazpenak bere egin ditu: “uda baino lehen, aro bat beteko zuen, bat-egitea gauzatzea zegokion, eta ondoren alde egingo zuen”.
“Top-ean kokatu du, kaudimen maila ikusgarriekin. Penintsula osoko onena da, eta alde egitea erabaki du”, Rementeriaren esanetan.
Testuinguru horretan, eta fundazioan kapital pribatua sartzeari buruz galdetuta, Rementeriak adierazi du Bizkaiko Diputazioak eta EAJk bermatuko dutela “BKKk Kutxabanken jabe izaten jarraitzea”.