Politika -

2015eko Hauteskundeak

Barcina: 'Kopilotua izango naiz orain, eskatzen didaten bitartean'

Datorren legealdian ere politikagintzan arituko da Nafarroako eta UPNko presidentea, “Nafarroarentzat oso une garrantzitsua baita”.

UPNk Barcinaren ordezkoa aukeratzeko barne prozesua ireki du

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko hauteskundeetan hautagaia ez dela izango iragarri ondoren, Yolanda Barcinak esan du ez diola “une zail batean hegazkin bat pilotatzeari” uko egin, baina hemendik aurrera “kopilotua izatea” aukeratu duela zehaztu du: “Kopilotua izango naiz, eskatzen badidate, eta ahalik eta hoberen egingo dut”. “Garrantzitsuena UPN eta horren printzipioak dira”, erantsi du.

Onda Cerori eskainitako elkarrizketan, datorren legealdian ere politikagintzan arituko dela baieztatu du, “Nafarroarentzat oso une garrantzitsua baita”.

“2013an UPNko presidente hautatu ninduten, eta 2017. urtera arte presidente izaten jarraituko dut”. Are gehiago, neure burua eskaini diot nire alderdiari zerrendetan bigarren, hirugarren edo laugarren tokian joateko”, azaldu du.

Pertsonak futbol-talde bateko jokalariekin alderatu ditu: “Real Madrilen Ronaldo daukaten bezala, edo Bartzelonan Messi dagoen moduan, jokalariak alda ditzakegu, baina garrantzitsuena taldea izango da beti; laguntzeko prest izango naute beti, baina ez lehenengo lerroan”.

Politikariek boterea besterik ez dutela bilatzen esaten dutenei, hartutako erabakiaz jabetzeko eskatu die. Horrez gain, 2015eko hauteskundeei begira, UPNren zerrendaburua babestu egingo duela azpimarratu du, nazionalistek edota Bilduk goberna ez dezaten.

Hartutako erabakiaren helburuetako bat UPNren eta PSNren artean akordioak erraztea den galdetu diote kazetariek. Barcinaren hitzetan, “horrek ez du zerikusirik izan” erabaki hori hartzeko.

“Akordioak leialtasunez bete behar dira, nahiz eta koalizioko gobernua izan genuenean horrela ez egin. Baina, tira, dagoeneko iragana da hori”, adierazi du.

Barcinaren ondorengoa, azaroaren 29an

UPNk azaroaren 29an iragarriko du Barcinaren ondorengoa nor izango den. Egun horretan, alderdiaren eguna ospatuko dute UPNko ordezkariek.

Zerrenden Batzordeak data finkatu du gaur. Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 18an hasi eta azaroaren 24an bukatuko da 15:00etan. Zerrenden Batzordeak bilera egin du gaur, Iruñean.

Bien bitartean, izen-dantza hasi da UPNn. Jose Javier Esparza Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariarena da gehien entzuten den izena Barcinaren tokia hartzeko. Esparzak berak esan du alderdiaren esanetara egongo dela.

Esparzarekin batera, UPNko hainbat ordezkariren izenak ere entzun dira azken orduotan, besteak beste, hauek: Oscar Arizcuren UPNko idazkari nagusia, Iñigo Alli Gizarte Politiken kontseilaria edo Juan Luis Sánchez de Muniáin Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea eta eleduna.

Salanuevak barne-hauteskundeak eskatu ditu

Bestalde, alderdiak barne-hauteskundeak antolatzea eskatu du Amelia Salanueva UPNko senatariak hautagai berria aukeratzeko. “Nahierara egindako hautaketak amaitu dira”, adierazi du Salanuevak.

Senatariaren hitzetan, alderdiak primarioen prozesu bat antolatzea beharrezkoa da alderdikide guztiek parte hartu eta “proposamen bat” dutela uste duten hautagaiek aurkeztu ahal izateko.

UPNn aurrekaririk ez dagoela onartu du Salanuevak, baina beste alderdi batzuetan bai. Testuinguru politikoak “nahierara egindako aukeraketak” onartzen ez dituela ohartarazi du senatariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Yolanda Barcina albisteak Nafarroa gaur