Politika -

Gure Esku Dago

Katalunia, Eskozia eta erabakitzeko eskubidea, Zurriolan irudikatuta

Hasieran bandera katalana osatu dute, ondoren eskoziarra, geroago orri zuri bat eta, azkenik, hautestontzi bat. Antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu dituzte parte-hartzaileek.

Mosaikoaren aireko irudia, hondartza donostiarrean. Argazkia: Gure Esku Dago
Mosaikoaren aireko irudia, hondartza donostiarrean. Argazkia: Gure Esku Dago
Erabakitze eskubidearen aldeko mosaikoa Donostiako Zurriola hondartzan

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago plataformak mosaiko erraldoia egin du Donostiako Zurriola hondartzan. Ekimenean parte hartu duten milaka lagunek bandera katalana osatu dute, ondoren eskoziarra, geroago orri zuri bat eta, azkenik, hautestontzi bat.

Erabakitzeko eskubidearen alde eta Kataluniako kontsultari babesa emateko egindako mosaikoa egiteko 5.000 lagun batzeko helburua jarri izan dute, baina azken egunotan 10.000 pertsonak baino gehiagok izena emanda zuten.

Antolatzaileen esanetan, gaurkoa inoiz aterkiekin egindako mosaikorik handiena osatu dute Zurriolan. Gainera, parte-hartzaileek eguraldia lagun izan dute, ez baitu inolako eragozpenik eragin.

Donostiako mosaikoko parte-hartzaileek 11:00etan hasi dituzte prestaketa lanak, Kursaaletik gertuenen dagoen Zurriolako bazterretik eta, 13:00ak aldera, diseinuak eratzeari ekin diete.

Ekitaldian, Anjel Oiarbide Gure Esku Dago plataformako bozeramaleak esan duenez, Euskal Herriak "sentsibilitate guztiak eta mota eta jatorri guztietako pertsonak elkartuko dituen hautestontzia eraiki behar du", hortik abiatuta "Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko" behar dituen "akordioak lortzeko".

Horren haritik, Oiarbideren esanetan, mosaikoa "normaltasun eta normalizaziorako bidean beste pauso bat da".

"Eskoziako herritarrek hitza hartu eta erabaki izan dutela" gogorarazi eta gero, plataformako kideak adierazi du horren moduko egoerak ez direla "arazo ezta gatazka ere", "normalak" direlako.

Oiarbidek ekitaldia hasi baino lehen Euskadi Irratian esan duenez, "mosaiko estatiko bat da, airetik grabatutakoa, eta irudi zoragarria ikusi ahal izango da Kursaal inguruan".

"Egutegiak markatu aurretik herritarrek jarrera bat markatu behar dugu. Jarrera hori, pausoak eman ahala, ikusi ahala, sentitu ahala, barneratuko dugu etorkizuna gure esku dagoela", Oiarbideren esanetan.

Horren ildotik, gaineratu duenez, "nik uste dut herri bakoitzak bere ezaugarriak dituela, bere erritmoa, ezin dugu lo hartu, baino lehenbizi etxeko lan asko ditugula iruditzen zait".

"Erabakitzeko eskubidea normaltasunez praktikara eramatea, ariketa bere egitea. Eta guk uste dugu normaltasun praktika horretara iristeko aurten pauso batzuk eman direla. Etxarrin pauso bat eman zen, ekainaren 8an beste pauso bat eman zen, baina joan den igandean Arrankudiagan ere bai. Gaur beste pauso bat emango dugu, pauso guztiak dira beharrezko eta pauso txikirik ez dago", baieztatu du.

 

Gure Esku Dagok egindako mosaikoaren prestaketa lanak

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Gure Esku