Politika -
Aurrekontu proiektua
Aurrekontuak negoziatzeko 'baldintza nahikoa' dago, PSEren ustez
Eusko Jaurlaritzaren "jarrera aldaketa" txalotu du Pastorrek, sozialistek proposatutako 150 milioiak erantsi dituztelako.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak nabarmendu duenez, atzo Eusko Jaurlaritzak onartutako 2015erako aurrekontu proiektuak negoziatzen hasteko "nahikoa baldintza" betetzen ditu. Hala, Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten hasiko direla iragarri dute sozialistek, aurrekontuak babestuko dituztela ziurtzat eman ez badu ere.
Legebiltzarrean eskainitako prentsaurreko batean Pastorrek iragarri duenez, orain Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortzeko "bideari" ekingo diote.
Pastorrek gogorarazi du sozialistek 150 milioi gastu sozialera bideratzea eskatu zutela aurrekontuak babesteko. Dirutza hori "enplegura, zerbitzu publikoetara eta beharrizan gehien dituzten lagun eta familietara bideratuko dute", adierazi du.
Kooperaziorako bideratutako diru-kopurua handitu izana ere txalotu du Pastorrek, 2014an egiteke geratu baitzen.
Horren esanetan, diru-partidak banan-banan aztertzeari ekingo diete orain, eta aurrekontuak "hobetzeko" ekarpenak egingo dituzte, betiere "herritarren arazoak konpontzeko erabilgarriak badira".
Pastorren ustez, Eusko Jaurlaritzak "jarrera aldatu du" azken asteetan, eta aurrekontuetan PSEk "behin eta berriz eskatutako lehentasunak erantsi ditu".