Politika -
Kataluniako prozesua
Artur Mas: 'Koldarra da Auzitegi Konstituzionala erabiltzea'
Espainiako Gobernuaren jarrera salatu eta 2015eko aurrekontuak "urtea amaitu baino lehen" aurkeztuko dituela iragarri du Kataluniako presidenteak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak azaroaren 9rako deitutako kontsultaren kontra helegitea aurkeztuko duela-eta, "koldarra da Auzitegi Konstituzionala erabiltzea", esan du Artur Mas Generalitateko presidenteak. Horren hitzetan, "lan politikoa eginez" konpondu beharreko afera da Kataluniakoa.
Gobernuaren kontrolerako saioa dute gaur Kataluniako Parlamentuan, eta bertan egin ditu adierazpenak Masek, oposizioak egindako galderei erantzunez. Hain justu, "zentzu apur bat" eskatu dio Kataluniako presidenteak Espainiako Gobernuari kontsulta baimentzeko, "prozesu parte-hartzailea baita".
Auzitegi Konstituzionalera joateko lehen pauso gisa, Estatu Kontseiluari txostena eskatu diola iragarri zuen atzo Espainiako Gobernuak.
Prozesua auzibidean jartzearen harira mintzatu da, hain justu, Mas. Kataluniako presidenteak salatu duenez, Rajoyren gobernuak kontsultarako "asmoak errekurritzen ematen du denbora". "Gora demokrazia!", gaineratu du.
Aurrekontuak, urtea amaitu baino lehen
2015eko aurrekontuak urtea amaitu baino lehen aurkeztuko dituela ere iragarri du Artur Masek gaurko saioan, eta ERCrekin zuen itunaren "hautsi" ostean, "arrisku politiko handia" dagoela onartu du.
"Aurten aurkeztuko ditugu aurrekontuak Parlamentuan. Bai, halaxe egingo dugu. Ez dugu babesik, eta ziurgabetasuna da nagusi", aitortu du Masek.