Politika -
Hauteskundeak
Rementeria izango da EAJren hautagaia Bizkaiko ahaldun nagusi izateko
Gainera, Aburto Bilboko alkategai izango dela baieztatu dute. Hautagaiak aukeratzeko barne prozesua azaroaren 27an amaituko da.
Erredakzioa
EAJren Bizkai Buru Batzarrak Unai Rementeria eta Juan Mari Aburto proposatu ditu Bizkaiko ahaldun nagusi eta Bilboko alkate izateko hautagai, hurrenez hurren.
Jose Luis Bilbaok aurreko astean iragarri zuen ez zela berriro ahaldun nagusirako hautagai izango eta politikaren lehen lerroa uzteko asmoa zuela. Orduan, begirada guztiak bere konfiantzazko diputatuarengan jarri ziren, ia ziur EAJren Bizkaiko zerrendaburu izango den Unai Rementeriarengan, hain zuzen ere.
Hala ere, Bizkaiko eta Bilboko militante jeltzaleek berretsi edo errefusatu egin beharko dituzte egungo Presidentzia diputatuaren eta Enplegu sailburuaren hautagaitzak, gaur hasi den barne prozesu baten baitan.
Gainera, Ana Otadui Elorrioko alkatea Batzar Nagusietarako presidentegai aukeratu dute 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara begira.
Hautagaiak aukeratzeko barne prozesua azaroaren 27an amaituko da, eta orduan egingo dituzte ofizial Bizkaiko erakunde nagusietarako behin betiko hautagaiak.