Politika -

A9

Espainiako Gobernuak Konstituzionalera eraman du Kataluniako kontsulta

Auzitegiak helegiteak onartzen baditu, baliogabe geratuko lirateke Kataluniako Kontsulten Legea eta azaroaren 9ko kontsultaren deialdiaren dekretua.

Mariano Rajoy
Mariano Rajoy
Gobernuak Konstituzionalera eraman du errekurtsoa

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak iragarri duenez, Exekutiboak Kataluniako Kontsulten Legea eta azaroaren 9ko kontsultaren deialdiaren dekretuaren kontrako helegiteak aurkeztu ditu Auzitegi Konstituzionalean.

Marta Silva Estatuko abokatu nagusiak Auzitegi Konstituzionalean erregistratu ditu dagoeneko Gobernuak onartutako bi helegiteak. Auzitegiak helegiteak onartzen baditu, berehala baliogabe geratuko dira.

Ministro Kontseiluak helegiteak onartzeko ezohiko bilera egin ondoren Rajoyk Moncloa Jauregian azaldu duenaren arabera, "ez dago ezer, inor, botererik edo erakunderik subiranotasun bakarra eta zatiezinaren printzipioa hautsi dezakeenik; gure elkarbizitza printzipio horretan oinarritzen da". Rajoyk esan duenez, "inork ez die espainiar guztiei herrialdearen izaera erabakitzeko eskubidea ukatuko".

"Beti esan dugu kontsulta ez dela egingo Konstituzioaren kontra eta espainiar guztien eskubideen kontra egiten du", azpimarratu du.

Gainera, Rajoyren esanetan, Artur Mas Generalitateko presidenteak deitutako kontsulta "demokraziaren kontrakoa" da.

Halaber, "legea errespetatuz eztabaidatzea" proposatu dio Masi, eta, zera gogorarazi dio: "Oraindik ere denbora dago norabidea zuzentzeko".

"Okerrena da hasieratik zekiela" zer gertatuko zen, esan du Rajoyk, eta bera Gobernuko presidentea den bitartean "legea bere osotasunean errespetatuko da", nabarmendu du.

Rajoyren arabera, Artur Masek defendatzen duen bozkatzeko eskubidea "demagogia" da, "itxura ona du", baina errealitatea bestelakoa da, "lege demokratikoa ez da askatasunaren kontrako muga bat, baizik eta guztion arteko berdintasunaren eta segurtasunaren bermea". "Lege barik ez dago demokraziarik", erantsi du.

Konstituzioaren balizko erreforma baten inguruan, Rajoyk adierazi du "gaur lehentasuna (Konstituzioa) defendatzea" dela, eta Konstituzioari esker Kataluniako Generalitateak "inoizko eskumen handienak" dituela azpimarratu du.

Aurkeztu eta gero, zer?

Helegitea aurkeztu ostean, Konstituzionalak ez du eperik hori onartu edo ez erabakitzeko. Eta onartzea erabakiko balu, automatikoki bertan behera geratuko litzateke kontsulta, bost hilabetez. Tarte hori igarota, behin-behineko debekua luzatu edo bertan behera utzi erabaki beharko luke. Behin betiko epaia emateko ere ez dago epe legalik. Urteak igaro litezke.

Dena dela, Konstituzionala azkar mugituko dela pentsatzeko aurrekari bat dugu: Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 2008. urtean deitutako kontsulta. Auzitegiak bi egun baino ez zituen behar izan (helegitea aurkeztu zutenetik onartzea erabaki zuen arte) erreferenduma behin-behinean debekatzeko, eta bi hilabete behin betiko epaia emateko.

"Hanka-sartze handia"

Francesc Homs Kataluniako Gobernuko Presidentetza kontseilari eta Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak ohartarazi duenez, Gobernu zentralak "hanka-sartze handia" egingo du azaroaren 9ko kontsultaren kontrako helegitea aurkeztuta, ez baitu prozesua "hilko", "indartu" baizik.

"Uste dute helegitea jarrita hilko dutela, eta ziur nago honek areagotu egingo duela Katalunian dagoen mugimendua", esan du Homsek. Estatuak Kataluniak proposatutako guztiari "ezetz esateak estatu propioa sortzeko nahia" areagotu egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean