Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Kutxabanken kontrol publikoa mantentzeko lan egingo du EH Bilduk
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko parlamentari Euskadi Irratian izan da eta "kapital pribatuari ateak irekitzen zaizkienean erakundeak gizarte ekintza mantenduko duen" galdetu du.
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, koalizio abertzaleak "bere eskuetan dagoen guztia" egingo du Kutxabanken kudeaketan kontrol publikoa mantentzeko eta galdetu du "kapital pribatuari ateak irekitzen zaizkionean erakundeak gizarte ekintza mantenduko duen".
Euskadi Irratian elkarrizketa egin diote Beitialarrangoitiari eta Kutxabank kudeatzeko bi modu daudela esan du: alde batetik, kontrol publiko eta soziala eta, berez, "kutxek beti eduki duten funtzio soziala mantentzea", eta bestetik "hondamendira eramatea, pribatizazioari ateak irekiz".
Horrela, uste du EAJ, PSE-EE eta PP "oso urduri" daudela, bere ustez, "ezin dutelako ezkutatu beraien apostua pribatizazioaren aldekoa dela eta, aldiz, guk esaten dugu ezin dela pribatua izan".
Gainera, EH Bilduko parlamentariak adierazi du ematen duela "gauzak egiteko modu bakarra" dagoela eta, bere ustez, "beste aukera batzuk daude, gauzak modu batera edo bestera egiteko zirrikituak daude". "Ez dute eztabaida lasaia eta argia egin nahi. Eztabaida ezeztatu nahi dute, atzean egon daitezkeen formulak ezkutatuz. Horrela lortu dituzte akordioak, arin", adierazi du.
Gainera, "kapital pribatuari ateak irekitzen zaizkionean erakundeak gizarte ekintza mantenduko duen" galdetu du eta "kontrol sozial edo publikoa izan dezaketen interes publikoa" bermatuko duten. "Hori fede kontu bat da eta herri honetan, fedearekin baino, gauzak segurtasunez eta bermeekin egin behar dira. Horretarako bitartekoak daudenean, gutxienez landu egin behar dira eta akordiotara iristeko lan egin", azaldu du.