Politika -
Gertaera
Leongo Diputazioko presidentea tirokatu eta hil dute
Poliziak bi pertsona atxilotu ditu, ama alabak, Isabel Carrascoren heriotza leporatuta. Atxilotuetako bat atzo kaleratu zuten Diputaziotik. Biak PPko militanteak dira.
Erredakzioa
Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentea hil da tirokatuta, astelehen honetan, haren etxe inguruan, Leongo Condesako Pasealekuan, Poliziak jakitera eman duenez.
Lekukoek azaldu dutenez, 17:20an emakume batek hiru aldiz tirokatu du Isabel Carrasco, Leongo probintziako PPko presidentea ere badena, Bernesga ibai gaineko pasabidean zegoela.
Bi pertsona atxilotu dituzte, Leongo Diputazioko presidentearen heriotzagatik.
Atxilotuak Polizia Nazionaleko inspektore baten ama alabak (55 eta 35 urte dituzte, hurrenez hurren) dira, baina oraindik ez dute zehaztu gertaeretan izan duten ustezko inplikazioa. Barne Ministerioak heriotza "mendeku pertsonala" izan den hipotesia du. Dirudienez, alaba atzo kaleratu zuten biktimak zuzentzen zuen probintzia erakundetik, Poliziaren iturriek jakitera eman dutenez.
Montserrat Triana Martinez Gonzalez eta haren ama, bi atxilotuak, Alderdi Popularreko militanteak dira.
Iturri berberek azaldu dutenez, ustez eta behin betiko baieztapenik gabe ama izan da hiru tiro eman dizkiona Carrascori, Berneasga ibai gaineko zubian, eta, ondoren, ihes egiten saiatu da, 150 metrora zuen autorantz joatean.
Bi emakumeen atxiloketa erretirodun polizia batek parte hartu duelako izan da posible, politikariari egin dioten tiroketa ikusi ahal izan duelako.
Polizia Nazionalak arma bilatuko du astearte honetan, Bernesga ibaian; izan ere, erasotzaileak errekara bota zuela uste dute.
Ihes egiteko asmoa zuen ibilgailuaren barnealdean eskularru batzuk eta txano bat aurkitu dituzte; armarik ez, oraindik desagertuta jarraitzen duelako, ondorioz, ez da jakin poliziaren pistola den ala ez. Inspektorea Astorgako Polizia-etxeko burua da.
Isabel Carrascoren gorpua 19:20an eraman dute Leongo auzitegi medikuaren institutura.
Gertaerak eragina izan du hauteskunde-kanpainan
Gertaerak hauteskunde-kanpaina nahigabetu du. Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Valladoliden mitin bat ematea aurreikusita zuen, baina, azkenean, bertan behera geratu da. Uneotan Leonera bidean da.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia astearte honetan joango da Leonera, alderdiari babesa emateko, Isabel Carrascoren heriotzaren ostean. Astelehenean Extremaduran ekitaldi bat zuen, Jose Antonio Monago erkidegoko presidentearekin batera, eta bertan zeudenei minutu bateko isilunea eskatu die Leongo Diputazioko presidentearen heriotzagatik.
Bestalde, EAJk, PSOEk, UPyDk eta IUk ere astelehen honetako kanpaina-ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.
Elkartasuna
Iñigo Urkullu lehendakariak "asaldura eta atsekabea" erakutsi ditu, Leongo Diputazioko presidentearen hilketagatik.
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea "atsekabetuta" azaldu da eta "elkarrekin egoteko unea" dela azpimarratu du.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak hilketa gaitzetsi du, eta, Jaendik, mitin bat ematea aurreikusita zuen lekutik, "elkartasuneko besarkada bat" bidali die PPko militanteei eta buruzagiei.