Politika -

Konstituzionalaren epaia

'Asaldatzaile politikoek' egindako ebazpena da, CiUren hitzetan

Turullen aburuz, ez du errespeturik merezi Konstituzionalaren epaiak, ''katalanofobia kitzikatu duten asaldatzaile politikoek'' egina baitago.''Bide-orria ez da aldatu behar'', dio ERCk.

Jordi Turull
Jordi Turull
Kataluniako alderdi politikoen erreakzioak

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako subiranotasun adierazpenaren inguruan kaleratu duen ebazpenak ez du inolako errespeturik merezi, CiUren ustez, ''katalanofobia kitzikatu duten asaldatzaile politikoek'' egina dagoelako, Jordi Turull alderdi horrek Parlamentuan duen bozeramaileak adierazi duenez.

Izan ere, astearte honetan Auzitegi Konstituzionalak errefusatu egin du Kataluniako Parlamentuak 2013ko urtarrilean onartutako subiranotasun-adierazpena. Bertan, "subjektu subirano juridikotzat eta politikotzat" jotzen zen Katalunia, eta Gobernuak kontra egin zuen.

Turullek gogoratu du gaur goizean Kataluniako Parlamentuak Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen eta hainbat magistraturen kontra ezespen-eskaera egitea onartu duela. Konstituzionaleko kide horiek aurretik jendaurrean Kataluniako subiranotasun prozesuaren kontra agertu izan direla edo PPko militante direla argudiatu du Parlamentuak.

''Orain zer egin behar dugu? Zer proposatzen digu Konstituzionalak?'', galdetu du CiUko kideak. ''Ebazpenak agerian uzten duenari erreparatuta, lagun elkarte batek, perretxiko zaleen elkarte batek edo jabeen elkarte batek Kataluniako Parlamentuak baino adierazpen askatasun handiagoa al dute?'', esan du Turullek.

ERC

Pere Aragones ERCk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramailearen hitzetan, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak ez du eraginik izango, eta ''bide-orria ez da milimetro bat bera ere aldatu behar''. Haren hitzetan, Konstituzionala ''ideologien eta parlamentuen jokoan'' sartu da eta, horren aurrean, ''aurreikusita zegoenarekin jarraitu behar da''.

PSC

Maurici Lucena PSCko bozeramailearen ustez, bestalde, ''kontagailua zeroan jartzeko aukera'' eskaintzen du epaiak eta, horrekin batera, parada ematen du Mas konturatu dadin bide bakarra Gobernuen arteko akordioa dela.

PPC

Enric Millo PPCko ordezkariak adierazi duenez, Konstituzionalaren epaiak amaiera eman behar dio subiranotasun prozesuari eta, hala, ''hausnarketa'' egitera deitu du Artur Mas.

C's

Carina Mejias C's alderdiko kideak, halaber, ''subiranotasunaren burugabekeria'' albo batera uzteko deia egin dio Kataluniako presidenteari, proposamen horrek ''amildegira'' baitarama Katalunia.

CUP

Isabel Vallet CUP alderdiak Kataluniako Parlamentuan duen diputatuak esan du ez dutela epaia aintzat hartzen, eta jarrera horrekin bat egitera deitu ditu gainerako alderdiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean