Politika -
Adolfo Suarez hil da
Nafarroako Gobernua: 'Suarezek Espainia askatasunerantz gidatu zuen'
Barcinak hiru dolu egun ezarri ditu Nafarroan eta Nafarroako Jauregiko banderak masta erdian jarriko dituzte.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak "atsekabea" adierazi du Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente ohiaren heriotza dela eta. "Pausoz pauso herrialde hau askatasunerantz gidatzen jakin izan zuen, eta horretarako erabaki ausartak hartu behar izan zituen garai zailetan", azaldu du Nafarroako Gobernuak.
Oharra kaleratu du Nafarroako Gobernuak eta doluminak eman dizkio Adolfo Suarezen sendiari. Nafarroako Gobernuaren iritziz, Adolfo Suarezek rol garrantzitsua izan zuen sistema demokratikoaren eta Espainia konstituzionalaren sendotzean, eta horretarako elkarrizketaren eta adostasunaren defentsa egin zuen. "Suarezen legatu politikoak dimentsio historikoa du, eta hori dela eta Nafarroako Gobernuak haren figura goraipatu dutenekin bat egin du. Izan ere, egungo Zuzenbide Estatua ahalbideratu zuen aldaketa gidatzen jakin izan zuen", gaineratu du.
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak hiru dolu egun izendatu ditu, eta Nafarroako Jauregiko, administrazioko egoitzetako eta Udaletako banderak masta erdian jarriko dituzte.