Politika -

Espetxe-politika

Presoen abokatuen arabera, legeak ez du damutzea eskatzen

ETAko presoen hurbiltzeko edo zigorrak arintzeko eskaerei ezezkoa ematea "prebarikatzea" litzateke, beraien ustez.

ETAko presoen abokatuen agerraldia. Argazkia: EITB
ETAko presoen abokatuen agerraldia. Argazkia: EITB
Gobernuari legea betetzeko eskatu diote ETAko presoen abokatuek

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko presoen abokatuek adierazi dute Espainiako legeek ez dutela damutzea edota erakundearen disoluzioa eskatzen presoak jatorrizko tokietara hurbiltzeko.

Aier Larrarte eta Alberto Zenon abokatuek prentsaurrekoa eskaini dute Donostian eta ETAko presoek abiarazi duten tramitearen (modu indibidualean) inguruko xehetasunak jakinarazi dituzte, instituzioei hurbiltzeko edota zigorrak arintzeko eskatuz.

Ez dute zehaztu zenbat presok aurkeztu dituzten egoera aldatzeko dokumentuak, baina gaixotasun larriak dituztenak edo 70 urte bete dituztenak direla azaldu dute.

Eskaeretan Europako legedia, nazioarteko hitzarmenak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia izendatzen dituzte eta eskaerei ezezkoa ematea "prebarikatzea" litzateke, beraien ustez.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eskaerak "lege iruzurra" izan daitezkeela adierazi zuen eta atzera botako dituztela "benetakoak" ez badira.

ETAko presoen abokatuen ustez, dispertsioa mantenduz, "batenbatek lege iruzurra egiten badu, Espainiako Estatua da", neurriak "ez duelako oinarri legalik".

Presoek aurkeztu duten dokumentuak hiru atal ditu: bigarrenak ETAko presoen kolektiboak (EPPK-k) abenduaren 28an argitaratutako agiriarekin bat egiten dutela aitortzen dute.

Agiri horretan, dagoeneko hasi den prozesu "indibidual" eta "mailakatua" iragartzen zuten eta "gatazkaren ondorioz sortutako sufrimendua, alde guztietakoa" onartzen zuten.

Agiriaren lehen atalean, presoak espetxean duen egoera zehazten du: zenbat denbora daraman preso, zein kartzeletan eta bisitak jasotzeko zein eskubide dituen.

Hirugarren eta azken atalean bere etxetik hurbil dagoen espetxe batera aldatzeko eskaera egiten dute eta horretarako argudioak azaldu. Arabako Zaballa espetxera hurbiltzea eskatzen dute edo espetxe-legediaren 100.2 artikuluaren bitartez araubide irekia ezartzea, gaixo dauden presoen kasuan zein 70 urte baino gehiago dituztenen kasuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua bideoak Presoak bideoak ETA gaur Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Espetxe politika