Politika -
Katalunia
Masek gutun bat bidali die EBko agintariei galdeketa defendatzeko
Generalitateko presidenteak, halaber, 45 herrialdeko Kanpo Arazoetako ministroei txosten bat helarazi die, Kataluniaren eskarien berri emateko.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidenteak gutun bat eta txosten bat bidali dizkie Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidenteari eta Europar Batasuneko Estatuetako lehen ministroei Katalunian azaroaren 9an egingo duten galdeketa defendatzeko. Halaber, Gobernu kataluniarraren liderrak 45 herrialdeko Kanpo Arazoetako ministroei txosten bat helarazi die, Kataluniaren eskarien berri emateko. Ekimena Masen Gobernua eztabaida nazioarteko mailan zabaltzeko egiten ari den ekintzen barnean dago; horretaz gain, esate baterako, Generalitateko presidenteak "La Repubblica" egunkari italiarrean ostiralean izan zuen elkarrizketa ere badago.
Gutunean, Masek ziurtatzen du zuzenean eman nahi diela Europako agintariei Katalunian duten eztabaidaren berri. "Prozesu baketsu, demokratiko eta garden hau aurrera ateratzeko zure laguntza izango dudalakoan nago", esaten du. Presidentearen arabera, Espainiako Gobernuak esandakoa errefusatuz, badaude bide legalak eta konstituzionalak galdeketa egiteko. “Espainiako Gobernuarekin gure herrialdearen inguruko elkarrizketa eta akordioa bultzatu nahi ditugu”, zehazten du, Kataluniako parlamentarien % 65 galdeketaren alde daudela nabarmenduz.
Kanpo Arazoetako ministroei helarazitako txostenean, Artur Masek adostutako galderaren testuaren berri ematen du, eta, ildo horretan, zundaketek Kataluniako herritarren "% 82 baino gehiago" daudela galdeketaren alde azpimarratzen du. Sezesioaren aldeko "herri-sentimenduaren indarra" ere handia dela gogorarazi du, Diadako giza kateak islatu zuenez. Azkenik, dokumentuak esaten du "ez dela egia" independentziak Katalunia EBtik kanpo eraman behar duenik, ez dagoelako hori esaten duen hitzarmenik.