Politika -

'Parot doktrina' baliogabetuta

36 presok aske uzteko eskatu diote Auzitegi Nazionalari

Auzitegiak ostiralean erabakiko du jaso diren 36 eskaerak aztertzeko prozedura zein izango den. Horrez gain, Joxepa Ernagaren eta Manuel Piriz Lopezen kasuak aztertuko ditu.

Auzitegi Nazionala. Artxiboko irudia
Auzitegi Nazionala. Artxiboko irudia
Auzitegi Nazionala. Artxiboko irudia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 'Parot doktrina' ezarrita duten 36 presoren eskaerak jaso ditu, aske uzteko eskatuz. Datorren ostiralean erabakiko du horien inguruan Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salak.

Auzitegitik adierazi dutenez, aurreikusita zegoen moduan, ostiral honetan Joxepa Ernagaren eta Manuel Piriz Lopezen kasuak aztertuko dituzte. Horrez gain, jaso diren gainerako 36 eskaeren inguruan jarraituko den prozeduraren inguruan ere eztabaidatuko dute. Salak kasuak banaka edo denak batera aztertu behar diren erabakiko du, baita osoko bilkura izango den erabakia hartuko duena edo kasu bakoitza eraman duen atala arduratuko den erabaki hori hartzeaz.

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salak bilera egingo du datozen egunetan 'Parot doktrina'ren inguruan Estrasburgoko Auzitegiak eman duen epaia aztertu eta horren inguruko erabakia hartzeko.

Ines del Riok Iruñean igaro du lehen gaua

Ines del Rio ETAko preso ohiak Iruñean igaro du espetxetik kanpo eman duen lehenengo gaua. Oraindik ez da bere jaioterrira joan, Tafallara, bere kasuak hedabideetan piztu duen ikusminagatik, Diario de Noticias egunkariak gaur argitaratu duenez.Ines del Rio aske utzi zuten atzo, Auzitegi Nazionalak aginduta, espetxean 26 urte eta hiru hilabete eman ondoren.Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako epaileek aho batez erabaki zuten Ines del Rio aske uztea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia "argia eta irmoa" zela argudiatuz.Ines del Rioren zenbait lagun eta senide Teixeiroko espetxera joan ziren, ETAko preso ohiari harrera egiteko. Del Rio 1987. urteko uztailean espetxeratu zuten, 24 hilketa egotzita.Del Rioren lagun eta senideak gauerdian iritsi ziren Tafallara, eta 50 bat pertsonak hartu zituzten bertan, Azoka tabernan, Diario de Noticias egunkariaren arabera. Del Riok Iruñean eman du gaua, bere ahizpa batekin.

tafalla bildu egoitza taberna EFE

Tafallako Azoka taberna. Argazkia: EITB.

Troitiño ere, aske

Bestalde, Londresko Auzitegi Nagusiak Antton Troitiño baldintzapean aske uzteko agindua eman zuen atzo. Troitiño 2012ko ekainean atxilotu zuten Erresuma Batuan. Erabakia Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina'ren aurkako epaia eman eta hurrengo egunean hartu dute.

John Thomas gorteko presidenteak Troitiño ahalik eta lasterren aske utzi behar dela adierazi du, defentsak eskatu bezala. Troitiñok egunero joan beharko du Londresko polizia-etxe batera.

Halaber, zazpi eguneko epean, Troitiñoren estradizioaren inguruan erabakitzeko eskatu dio Espainiako Justiziari. Denbora horretan erabakirik hartu ezean, defentsaren eta Fiskaltzaren artean hartuko dute erabakia.

Fiskaltzak banan-banan aztertuko ditu

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina'ri buruz hartutako erabakia aplikatu ala ez kasuz kasu aztertuko du Fiskaltzak, Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiaren arabera.

Bien bitartean, atzeraeraginkortasunez 'Parot doktrina' aplikatu zaien 56 giltzapetu "berehala" aske uztea eskatuko dute Ines del Rio ETAko presoaren abokatuek.

Rajoyk biktimak hartuko ditu

Rajoyk atzo arratsaldean hartu zituen terrorismoaren biktimen elkarteetako ordezkariak, Moncloan, 'Parot doktrina'ren inguruko ebazpenaz hitz egiteko.

Horrez gain, biktimen elkarteek deitutako elkarretaratzean parte hartzea aztertzen ari da Alderdi Popularreko zuzendaritza. Dagoeneko, Esperanza Aguirre Madrileko PPko presidenteak iragarri du AVTk deitutako elkarretaratzean parte hartuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Parot Doktrina Politika PP Presoak albisteak ETA gaur Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Giza Eskubideen Europako Auzitegia