Politika -
Estrasburgoko epaiaren ostean
Fiskaltza Ines del Rio askatzearen alde agertu da
Gainera, ahalik eta arinen kartzelatik ateratzeko eskatu du, ebazpenak "ez baitu beste aukerarik eskaintzen", horren ustez.
Fiskaltzak Ines del Rio presoa aske uztearen alde agertu da, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina'ren inguruan emandako epaia "argia baita urratutako eskubideen ordainean hartu beharreko neurria zein den esaten".
Horrenbestez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ahalik eta lasterren aske uztea eskatu du, ebazpenak "ez baitu beste aukerarik eskaintzen", horren ustez.
Auzitegi Nazionalak ezohiko bilkura egin du gaur Ines del Rio ETAko presoaren egoera aztertzeko. Bilera 09:15ean hasi da, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Gobernuaren helegitea atzera bota eta gero. Halaber, 'Parot doktrina' aplikatzeagatik, Del Riori kalte-ordaina eman beharko dio Exekutiboak.
Auzitegi Nazionaleko 18 magistratuek gaia berriro aztertuko dute ostiralean, Auzitegi Nazionalak ETAko beste bi presoen helegiteak aztertuko dituen egun berean, doktrina horren aurkako helegitea aurkeztu baitute.
Josefa Mercedes Enaga Bartzelona taldeko kidearen errekurtsoa aztertuko du Auzitegi Nazionalak. Enaga Hipercorren 1987ko ekainean egindako atentatuagatik zigortu zuten. Juan Manuel Piriz Lopez presoaren helegitea ere aztertuko du, 80ko hamarkadan ETAko kide ohi bat hiltzeagatik zigortutako presoarena hain zuzen.
Estrasburgoko ebazpenak beste presoei nola eragingo dien ere ostiralean aztertuko du Auzitegi Nazionalak.
Doktrina, bertan behera
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot dotrina'ren aurka egin zuen atzo, astelehena, eta Espainiako Justiziak Ines del Rio ETAko presoaren kasuan "bidegabekeria" egin zuela berretsi zuen. Auzitegi horretako Areto Nagusiaren iritziz, 2008. urtetik "legez kanpo" dago espetxean Ines del Rio. Horrela, 2012ko uztailean iragarritako epaiari eutsi dio Auzitegiak.
Epaia irmoa eta behin betikoa da, eta ez dago horren kontra helegiterik jartzerik.
Estrasburgok Ines del Rio ETAko kidea espetxetik "ahalik eta lasterren ateratzea" eskatu zuen (aldeko 16 boto eta kontrako bat). Aho batez Espainiak 5.1 (artikulua askatasun eta segurtasunerako eskubidea) urratu duela berretsi zuen Auzitegiak, eta, 15 boto alde eta bi kontra dituela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 7. artikulua (legerik ezean zigorrik ez) ere urratu duela gaineratu zuen. Dean Spielmann Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiko presidenteak irakurri zuen epaia.
Espainiak, gainera, 30.000 euro ordaindu beharko dizkio Ines del Riori hiru hilabeteko epean, kalte moralengatik. ETAko presoari 3.828 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 24 pertsona hiltzea egotzita.