Politika -

Parot doktrina

'Parot doktrina': Sei hilabetez luza daiteke Estrasburgoren epaia

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aldeen argudioak entzun ditu, eta orain hilabeteak beharko ditu epaia emateko.

Parot doktrina
Parot doktrina
'Parot doktrina'ri buruzko saioa, Estrasburgon

1:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina'ri buruzko saioa egin du gaur goizean. Areto Handiko 17 epaileek aldeen argudioak entzun dituzte, eta orain doktrina indargabetu edo oniritzia eman erabaki beharko dute.

Epaia eman arte, baina, baliteke hilabeteak pasatzea. Hori bai, erabakia behin betikoa izango da, hau da, bete egin beharko da, halabeharrez, eta aldeek ezin izango dute helegite gehiagorik jarri.

Hain zuzen ere, Ines del Rio ETAko presoari 'Parot doktrina' ezartzeagatik Europak Espainiari jarritako zigorra berrikusi behar du Estrasburgok.

Ines del Rio Prada ETAko presoak 2008an behar zuen aske (1987ko uztailean atxilotu zuten), legeak ezartzen duen zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak, Parot doktrinan oinarrituta.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak presoaren defentsak aurkeztutako helegitea aztertu zuen, eta uztailean jakinarazi zuen epaia. 'Parot doktrina'ren aurkako lehen epaia izan zen: Espainiak  Del Riori luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen Estrasburgok. Horrenbestez, aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte-ordaina emateko.

Aldeen argudioak

Ines del Rioren abokatuetako batek, Mark Mullerrek, gaurko saioan adierazi duenez, Parot doktrinak giza eskubideen itun europarraren bi artikulu urratzen ditu, aldez aurretik komunikatuta zegoen zigor bat luzatu egin baitzuten, atzeraeraginez.

Isaac Salama Espainiako Estatuko abokatuaren esanetan, baina, "ez dira gauza bera hilketa bat eta 132", eta Espainiak espetxe onurak kudeatzeko eskubidea duela aldarrikatu du.

Saioaren osteko adierazpenak

Saioa amaitu eta gero, Ines del Rioren abokatuak eta terrorismoaren biktimen elkarteak itxaropentsu agertu dira.

"Iritsi naizenean baino itxaropentsuago nago orain", esan du Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak. Horren esanetan, Isaac Salama "bikain" aritu da epaileen aurrean.

Pedrazarekin batera, Maria del Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea eta Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidentea ere izan dira Bruselan. Hirurek Parot doktrinaren aldeko 10.000 sinadura eman dituzte auzitegian.

Ines del Rioren abokatuetako bat, Didier Rouget, ere pozik agertu da saioa bukatu eta gero, batik bat iaz arrazoia eman zietela kontuan hartuta.

Defentsako beste kide batek, Amaia Izkok, giza eskubideak eta "Espainiako Estatuaren kalitatea" jokoan daudela adierazi du. "Espainiako Estatuak irauli egiten ditu arauak, euskal presoak zigortzen helburu politikoak lortzeko", salatu du.

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkideak Estrasburgotik kritikatu duenez, Espainiako Gobernuak "gerra politikaren parte izango balira bezala interpretatzen ditu politika eta justizia".

Zer da Parot doktrina?

'Parot doktrina' 2006 urtean ezartzen hasi zen Auzitegi Gorena, espetxealdi luzea duten presoak zigor osoa bete baino lehen aske geratzea saihesteko.

Doktrina horrekin, 1973ko Zigor Kodeak aurrez ikusitako zigor murrizketak kondena bakoitzari ezartzen hasi ziren, urte kopuru guztira baino. Henri Parot ETAko kide ohia izan zen doktrina ezarri zioten lehena; horregatik haren izena.

Doktrina horren ondorioz, presoek banan-banan bete behar dituzte zigorrak, murrizketak kontuan hartuta, eta bat betetzen amaitu eta gero, hurrengoa betetzen hasten dira, 30 urteko mugara heldu arte. Hori bai, zigor batean ezarritako murrizketak ez dira kontuan hartzen hurrengo zigorrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur