12:09

albisteak

Sinadura

Gasteizko Kulturunetik Martuteneko kartzelara

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Ez ahaztu, bost (akaso sei ere) zentzumen ditugu. Denekin zinemaren parte, amorante, esklabo izatea… bai plazer zaila definitzen.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Inork esaten badizu inoiz inon zinema hilik edo hilzorian dagoela, ez sinetsi, arren, otoi. Gezurretan ari baita.

Inork, inon inoiz aldarrikatzen badu zure aurrean film baten bizitza motza dela, ez egin ez kasurik ez negarrik. Erraturik da eta. Erraturik edo zu beldurtzeko asmo maltzurretan.

Zinemak bizi ditu egunotan Euskal Herriko bazterrak. Bazterrak. Txokoak. Iskinak. Plazak. Kulturuneak. Arte Garaikideko Zentroak, iragan garaietan tabako fabrikak ziren eraikin erraldoi horiek. Aurrezki kutxak izandako banketxe gaurkoek sortutako fundazioen kulturuneak. Kartzelak.  Bai, bai, presondegietako zuloak, ziegak, ere.

Zinemak blai egiten du Euskal Herria egunotan. Eta blai egingo du datozenetan ere.

Adibide bat jarriko dizuet. Eta ezkorren artean gizaki ezkorrena ere mutu geratuko da. Gogoratzen duzue Berlinen estreinatu eta gero Malagako zinemaldian saririk preziatuena eskuratu zuen 20000 especies de abejas luzearen autoreak, Estibaliz Urresola Solagurenek, Cuerdas izenburuko laburra ere egin zuenik? Akordatzen iazko Cannesen burdinbideetan lan egiten duten horiek urrez estali zutela? Gogoan duzue, Kosta Urdinean lehenbiziko garaikur preziatu hori  jaso ostean, Portugalen,  Guanajuaton edo Clermont Ferranden beste bi dozena  sari inguru eskuratu duenik? 

Jaialdiz jaialdi dabil, oraindik ere, garratza bezain fina den lan hori. Pasa den asteazkenean, Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian hartu zuen parte, Vital Kutxa Fundazioaren aretoko pantaila okupatuz. Datorren asteazkenean, berriz, bestelako mundu batean izango da eta ikusle espezial-espezialak egingo ditu bere.

Izan ere, ostiralean, Donostian, hogeigarren aldiz, ekingo dio bideari Giza Eskubideen Zinemaldiak. Badira galdu ezinezko film mingarriak. Hala nola, agintari seko eta nahita gaiztotutakoen mende direnen tragedia salbaziorik gabekoa kontatzen digun The Lost Souls of Syria. Edo faxismo berrien aurrean adi eta zurt izateko  aholkua luzatzen digun March on Rome.

Badira gizateriaren miseriak begi bistan uzten dituzten zeluloide puskak. Badira esperantzako zirrikiturik irekiko digutenak ere. Bada programazioan… Gipuzkoako kartzelan preso dauden  batzuen aurrean emango den laburrik. Zein? Ba, justu, hilaren 21ean  Euskal Herriko zuen etxe ondoko areto korrientetan estreinatuko den 20000 especies de abejas burutu zuen Estibaliz Urresolaren… Cuerdas!

Bai. Martuteneko kartzelan. Eta ez pentsa halamoduzko emanaldia izango denik. Ezta pentsatu ere. Bizkaitik joango dira presondegira filmean parte hartu zuten  hainbat emakume kementsu. Bizkaitik Martutenera, filma defendatzera. Eta bertan daudenekin, (pelikula eta solasaldia bukatu ondoren han geratuko diren horiekin)  berba egitera.

Ez. Zinema ez dago hilik. Ez, zinema ez da bakarrik belusatu aulkietan ikusten. Ez, film labur makina batek (merezi dutenek) katuek baino bizitza gehiago dute. Eta dortokena baino luzeagoa. Eta ez, ez pentsa zinemara joango zarela beti pantailan zer dagoen ikustera. Larunbatean bere akaberara iritsiko den exÓrbita proposamenean, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle batzuk irudietan murgiltzeko, erortzeko, jauzi egiteko, preso geratzeko beste modu hamaika ari dira eskaintzen. Atzotik.

Zinema trantze bat bezala harturik. Ezezagunak zaizkigun dimentsioetarako ataritzat jo beharreko tresna, arma, bide, bitarteko. Eta ez naiz ari sentsazio intelektualez ari soil-soilik. Ez. Fisikoez ere ari natzaizue. Ez ahaztu, bost (akaso sei ere) zentzumen ditugu. Denekin zinemaren parte, amorante, esklabo izatea… bai plazer zaila definitzen.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena